Tag Archives: Ama-hizkuntzen Nazioarteko eguna

Otsailak 21, Ama-hizkuntzaren Nazioarteko Eguna

Ospatzeko eguna, inolako zalantzarik gabe. Zergatik? Ama-hizkuntzak babestu eta indartzeko eguna delako. Izan ere, ezinbestekoak ditugu aniztasun kulturala eta hezkuntza eleanitza bermatzeko. Azken finean, aberastasun iturri direlako.

Ama-hizkuntzei buruz hitz egiterakoan, ez da erraza definizioa zehaztea, interpretazio bat baino gehiago izan ditzakeelako edo eman diezaiokegulako. Zer da, hortaz, ama-hizkuntza? Amarengandik ikasitakoa, ikasitako lehena, gure burua identifikatzen duena, sarrien erabiltzen duguna… Konnotazioak ez dira gutxi, ez.

Askoren kasuan, euskarak betetzen ditu ama-hizkuntzaren aldaera horiek guztiak. Ba al zenekiten milioi bat euskal hiztun garela munduan? Dena den, hizkuntza hain “txikia” ez dugun arren, arriskuan daudenen artean sailkatu du UNESCO erakundeak. Munduan, beste 2.470 hizkuntza daude egoera berean.

Ama-hizkuntzaren nazioarteko egunaren helburuetako bat hizkuntza gutxituak indartu eta horien iraupena tinkotzea da. Horretarako, dantzak, poesiak, abestiak, antzerkia, ipuinak eta bestelako adierazpen kultural ugari antolatzen dituzte munduan barrena.

Egun batekin, ordea, ez da nahikoa, eta ezinbestekoa da egunero lanean jarraitzea. Gurean, esaterako, abenduaren 3an ospatzen dugu Euskararen Nazioarteko Eguna. Eusko Ikaskuntzak 1949an sortu zuenez gero, euskararen aldeko festa handiak izaten dira Euskal Herriko txoko askotan.

Pertsonaia bereziak ere baditugu. Nork ez du ‘Argitxo’ ezagutzen? Haurrek hainbeste maite duten iratxo txikiak ere lan aparta egiten du euskararen alde. Euskara dibertigarri egiten du, eta umeek maite dezaten lortzen du.

Atera dezagun Argitxoren kriseilua eta egin dezagun magia apur bat Euskararen alde!

Argazkia: Txomin Rezola

Argazkia: Txomin Rezola