Category Archives: euskal kultura

Sagardo denboraldian patrikan eramateko eskuliburua: Txootx!

Sagardo denboraldia ate joka dator. Hernaniko txotx denboraldia igandean hasiko da Gazteako Dida irratsaioko lagunen eskutik, eta La Oreja de Van Goghek irekiko dute, berriz, urtarrilaren 16an, Astigarragako sagardo denboraldia. Hortik aurrera Gipuzkoaldeko sagardotegiek ez dute atsedenik hartuko. Euskararen blog honetako kideok ere sagardo berria dastatzeko asmoa dugunez, sagardotegiko hiztegia dakarkigu gaur gurera. Sagardoaren inguruan dena dakizula uste al duzu? ;.) TXOOOOOOOOOOOOOTX!:-)

Kupelak Sagardotegian. Argazkia: Txinbo

Kupelak Sagardotegian. Argazkia: Txinbo


https://www.youtube.com/watch?v=AgG_k81XD7I

Txotx denboraldirako hiztegia

SAGAR: Sagarrondoaren fruitua, itxura biribileakoa, mami sendokoa eta urtsua, jateko edo sagardoa egiteko erabiltzen dena.

SAGARRONDo: Sagarrak ematen dituen fruta-arbola.

SAGARDO BERRI: Aurtengo sagardoa. Horregatik, “Gure sagardo berria” esanez hasten da sagardotegien denboraldia.

SAGARDO ZAHAR: Iazko sagardoa.

URRE KOLORE: Sagardoaren kolorea.

PITTARRA: Sagardoa eta ura erdibana nahastuta egiten den edari ahula.

MUZTIO: Estututako sagarrak ematen duen zukua, hartzidurak edo irakinaldiak medio sagardoa bilakatuko dena.

SAGARDOTEGIA: . Sagarra sagardo bihurtzeko baliabideak dituenez, sagardoa egiten, dastatzen eta saltzen den lekua.

TXOTX: Sagardotegian txotx garaian kupel bat ireki aurretik sagardogileak ozen botatzen duen deia da.

TXOTXA: Kupelaren aurrean gaudela, probatzeko irekitzen den zuloa ixteko erabiltzen den ziria.

KIZKI: 60 zentimetro inguruko makila, muturrean iltze oker bat duena eta sagastian sagarrak banan-banan lurretik biltzeko erabiltzen dena.

OTARRE: Sagarrak biltzeko erabiltzen den kirtenik gabeko zumezko ontzia.

SAGARRA JOTZE: Eskuz edo mekaniko sagarra lehertzea.

MATXAKA: Sagarra jotzeko makina, sagarra lehertu ahala sagar-patsa askara joaten da.

PRENTSAK EDO PISOIAK: Sagarra jotzeko erabiltzen zen zurezko mailu handia.

PATSA: Sagarra jo ondoren geratzen de sagar txikitua.

DOLARE: Sagardoa ekoizten den eraikina edo lekua.

TXINPARTA. Txotxetik edo botilatik sagardoa edalontzira botatzerakoan ateratzen den gas karbonikoa.

AMA: Sagardoan geratzen den hondarra.

KUPELA: Sagardoa egiteko 1.000 litro baino edukiera handiagoko eduki-ontzia.

BARRIKA: Sagardoa gordetzeko erabiltzen den ontzirik txikiena.

UPATEGIAK: Upelak dauden tokia.

BARRIKOTEA: Neguaren hasieran ospatzen zen afari-jaia, sagardogintzako lanak bukatu ondoren egiten zena.

ZIZARRA: Ondo heldu gabeko sasoi-hasierako sagarrekin egiten den edari gozo lodia.

Badakizu, kontuan izan, eta beharrezko bada, patrikan gordeta eraman hurrengo sagardotegira eskuliburu hau. Eta nola bestela, guztiok dakigun kanta ezagun baten zatitxo batekin agurtzen gara gaurkoan:

Kupela, kupela
sagardoan hotela
kupela, kupela
zaindu ezak horrela.

Hemen Kupela taldeak kantaren inguruan egindako bertsio “modernoa”:


Inauterietan jantzi etxean egindako euskal mozorroa!

Gabonak amaitzear daude eta 2013ari gogo biziz heldu nahi izan diogu euskararen blog honetan. Datorren otsailaren 7an hasi eta hilaren 12ra arte, Euskal Herriko txoko askotan inauteriak ospatuko dira. Gu ere inauteriei begira jarri gara, izan ere, mozorroek hamaika buruhauste ematen dizkigute, eta lana errazte aldera, euskal mozorroak egiteko eskuliburua aurkezten dizugu! Prest?? 🙂

TXATXOAK ETA MIEL OTXIN

Landa giroko jantziak izan behar dute, koloretsuak eta nabarmenak, beraz, etxean topatzen duzun  guztiak balioko dizu zure mozorroa egiteko: gortinak, zakuak, lepokoak, emakume jantziak, kapeluak… Eta behar beharrezkoa! Ondo estali aurpegia, ingurukoek ez ezagutzeko moduan.

Txatxoak daramaten panpina da Miel Otxin, ez da mozorroa, izan ere, egunaren amaiera erre egiten dute.

Txantxoak inauterietan. Argazkia: Dantzan

Txantxoak inauterietan. Argazkia: Dantzan

PERRETZAILEA

Zakuak zaharrak bildu eta eurekin egin dezakezu mozorroa. Gona edo galtzak egiteko aukera duzu, soinean, berriz, jaka edo pontxoak, zuk nahi duzuna, hori bai, beti kapela bat jarri buruan eta estali ondo aurpegia. Behin hori prest duzula, jarri gorputzean zintzilik etxean dituzun lanabes zaharrak, kateak, latak… eta egin zarata kalera irtetzean.

Perretzaileen mozorroa. Argazkia: Ahari Kultur Elkartea

Perretzaileen mozorroa. Argazkia: Ahari Kultur Elkartea

SORGINA

Amonaren jantzi ilunak erabiliz egin dezakezu sorginaren mozorroa. Beste aukera bat baserritar jantzia erabiltzea da arropa ezberdinekin nahastuz: mantala, lepokoa, lumak, hezurrak, gorri koloreko azalak.. Oinetan abarkak jantzi eta hegan egiteko erratza ere garrantzitsuak dira. Beldur itxura handiagoa izateko, margotu aurpegia zuriz eta prest zaude! Izara zuri batekin buruko berezi bat egitea proposatzen dizugu silikona erabiliz. Argazki honetan errazago ikusiko duzu:

Sorginaren mozorroa. Argazkia: Ahari Kultur Elkartea.

Sorginaren mozorroa. Argazkia: Ahari Kultur Elkartea.

MOMOTXORRO

Mozorro honen zailtasun nagusia burukoa da. Janzteko erabili maoizko prakak, zuri koloreko alkandora, abarkak eta odolez zikindutako mantala. Burukoa egiteko beharrezko osagaiak ondorengoak dira: adarrak, saskia, koltxoi zati bat, karoiak, ardi azala, narruzko bi gerriko, sardea eta zintzarria.  Argazkian ikusiko duzu zer nolako itxura hartuko duen zure mozorroak.

Momotxorroa. Argazkia: willwalkonwater1

Momotxorroa. Argazkia: willwalkonwater1

ZIRIPOT

Lortu lau zaku, eta moztu horietako bat erditik. Zaku erdi bat josi beste zaku oso batekin, aurrekaldetik. Jantzi soinean buzo bat eta orkatilak eta eskuak ondo babestu lastorik sartu ez dadin. Zakuari zulo bat egin albo batean eta sartu lastoa, ahal adina. Bi hankak ere lastoz bete. Zakuari burua eta besoak sartzeko zuloak egin. Josteko ordua heldu da! Goiko zatia behekaldekoarekin josi, baina soilik aurrekaldea edo atzekaldea, oraindik lastoa sartzea falta baita. Goiko zatia ere lastoz ondo bete, kalean lurrean zehar ibiltzeko eta minik ez hartzeko. Geratzen dena josi, jarri aurpegia estaltzeko ehun zuri bat, lastozko kapela jantzi buruan, hartu makila eta ia oinez ibiltzeko gai zaren!

Ziripoten mozorroa. Argazkia: Ahari Kultur Taldea

Ziripoten mozorroa. Argazkia: Ahari Kultur Taldea

Horiek guk jantzi ditugun mozorroak. Prest al duzu dagoeneko zurea? Ba azkar ibili, eta badakizu, dirua aurreztu nahi izatera, ez ahaztu zuk ere zure mozorro propioa egin dezakezula.:-) POZIK BIZI ETA BIZI INAUTERIAK EUSKAL GIROAN!

Youtuben gehien ikusitako 10 euskal kantuen zerrenda

Benito Lertxundi izandu dugu hizpide azken egunotan, abeslari oriotarraren “Oi ama Eskual Herri”  kanta ezagunak liskarra sortu baitu ezkontza batean. Hori abiapuntutzat hartuta, gaur euskal kantekin ariketa bat egitea otu zaigu, eta Youtuben kuxkuxean aritu gara euskal kantuen top zerrenda osatzeko. Ehuneko ehunean zehatza den bilaketa bat egitea zaila da, baina hurbildu garela uste dugu.

euskal-kantuak-zerrenda

1go postua

Gure rankingaren lehendabiziko postuan hara zer topatuko eta Takolo, Pirritx eta PorrotxenMaite zaitut” kanta dantzagarria! Etxeko txikienek eta handienek astindu dituzte gorputzak Euskal Herriko pailazoen udako abesti honekin. 989466 bisita izan ditu bideoak youtuben.

2. postua

Maitemindurik ba al da hor nonbait? Top zerrendaren bigarren postuan Ken Zazpi taldearen “Ilargia ”abestia dago, hauxe izan baita bigarren kantu bilatuena youtuben 937.225 bisitekin. Erromantiko jarriko al gara?

3. postua

Negua heltzear den arren, Zea Maysen “Negua joan da ta”  kantak arrakasta itzela lortu du azken urtean, eta hori Youtuben nabari da. Hirugarren euskal abesti ikusiena da, 540415 bisita izan baititu eta ziur gaude aurtengo egun hotzetan ere abestia entzungo dugula.

4. postua

Lain taldearen “Zure doinua”  kanta ere bilatuenen artean dago. 449.855 ikustaldirekin, top zerrendaren laugarren postua lortu dute. Soinu kalitate eskasarekin Youtubera igo zuten 2007an kanta hau eta arrakasta izugarria izan zen.

5. postua

Rockak ere gure herrian eman du zer esana.  Kortatu taldearen “Sarri Sarri” abestiak 447.122 ikustaldi izan ditu eta gure top zerrendaren bosgarren lekua hartu du.

6. postua

Itoitz taldearen “Lau teilatu” abestia guztiok ezagutzen dugu, euskal kantagintzaren ikurra baita, eta honek ere, nola ez, ikustaldi asko izan ditu youtuben, 282.912 bisita, hain zuzen ere.

7. postua

Eta zazpigarren postuan, beste klasiko bat, Berri Txarrak taldearen “Ikusi arte” kanta. 281.726 ikustaldi izan ditu.

8. postua

Euskaldunok arro abesten dugun kanta topatu dugu top zerrendaren zortzigarren postua. Izatez Xabier Leteren kanta da “Xalbadorren heriotzean” abestia, baina Erramun Martikorenaren bertsioak izan ditu ikustaldi gehiago, 262.877 bisita, hain zuzene ere.

9. postua

Eta urteak atzera egin eta Alaitz eta Maiderren Amets bat” kantaren abestia topatu dugu gure rankingaren bederatzigarren lekuan. Trikitixa eta panderoa hartu eta erromeriz erromeri, euren kanta asko oso ezagunak egin ziren, horietan aipatzekoak, “Txanpon baten Truke” edo “Amets bat”, gure zerrendako kanta. 252633 ikustaldi izan ditu.

10. postua

Eta nola bestela, Mikel Laboa kantari euskaldunaren kanta batekin uzten zaituztegu, “Izarren Hautsa” kantarekin, abesti honek ezin baitzuen hutsik egin Youtuben gehien ikusitako 10 euskal kantuen zerrendan. Gozatu!

Urratsak eginez, korrika, kilometroz kilometro, jairik jai euskaraz!

Duela gutxi jaietan euskaraz aritzeko hiztegia aurkeztu genizuen Euskararen blog honetan. Euskara sustatzen jarraitu nahian, gaurkoan, urtean zehar Euskal Herriko txoko ezberdinetan Euskararen alde antolatzen diren jaiak izango ditugu hizpide, eta ikasturte berriari begira , jai horien inguruko datu eta xehetasunak ematen saiatuko gara. Hemendik gutxira egingo den jai batekin emango diogu hasiera euskararen inguruko jaien zerrendari 🙂

NAFARROA OINEZ 2012

Zer da Nafarroa Oinez: Nafarroako Ikastolen jaia da. Urtero Nafarroako ikastola bat arduratzen da jai hau antolatzeaz, tokian tokiko eta unean uneko beharren arabera. Zazpi bat kilometroko ibilbidea prestatu eta gune ezberdinak kokatzen dira, adin eta gustu guztietarako jarduerekin.
Noiz: urriaren 21ean
Non: Iruñean
Antolatzailea: Zizur Txikiko San Fermin Ikastola

Has zaitezte 2012ko Nafarroa Oinez jairako prestetzen:

KILOMETROAK 2012

Zer da KilometroakGipuzkoako ikastolen jaia da. 1977az geroztik egiten den euskalzaleen topaketa hau urriko lehen igandean ospatzen da eta helburu nagusia Gipuzkoako Ikastolei bultzada ematea da.
Noiz: urriaren 7an
Non: Andoainen
Antolatzailea: Aita Larramendi Ikastola

EUSKARAREN NAZIOARTEKO EGUNA 2012

Zer da Euskararen Nazioarteko Eguna: Euskara omentzeko asmoz urtero abenduaren 3an Euskal Herriko txoko ezberdinetan egiten den ekitaldia da.
Noiz: abenduaren 3an
Non: Euskal Herriko hainbat hiri eta herrietan

Antolatzailea: Eusko Ikaskuntza

Ukan

HERRI URRATS 2013

Zer da Herri Urrats: Iparraldeko ikastolak laguntzeko antolatzen den jaia da, maiatzaren lehen hamabostaldian ospatzen dena Senpereko aintziraren inguruan, Lapurdin.
Noiz: Maiatzaren bigarren hamabostaldia (eguna zeazteke)
Non: Senperen
Antolatzailea: Seaska, Iparraldeko Ikastolen Federazioa.

ARABA EUSKARAZ 2013

Zer da Araba Euskaraz: Arabako ikastolen jaia da, Ikastolen Elkarteak urtero ekainaren erdialdean ospatzen duen ekitaldia. Euskararen erabilera Araba osoan bultzatzea du helburu, baita ikastolen azpiegiturak hobetzea ere. Hori dela eta urtero Arabako ikastola bat arduratzen da antolakuntzaz.
Non: Amurrion
Noiz: Ekainaren 16an
Antolatzailea: Aresketa Ikastola

IBILALDIA 2013

Zer da Ibilaldia: Bizkaiko ikastolen jaia da. Getxon egin zen lehen aldiz 1978an eta honek ere, beste lurraldeetan bezala, euskara bultzatu eta Bizkaiko ikastolen egoera hobetzeko helburua du.
Nun: Portugalete
Noiz: Eguna zeazteke
Antolatzailea: Asti-Leku ikastolak

EUSKAL ESKOLA PUBLIKOAREN JAIA 2013

Zer da euskal Eskola publikoaren jaia: Euskal Hezkuntza Publikoaren alde eta euskara bultzatzeko asmoz urtero Euskal Herriko herri ezberdin batean egiten den jaia da.
Nork antolatzen du: Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteak

Aurtengo datuak, noiz eta non izango den jakin bezain pronto, partekatuko dugu. Bitartean hemen duzue 2012ko Euskal Eskola Publikoaren jaiko kanta:

KORRIKA

Zer da Korrika: Euskararen alde Euskal Herrian barrena lasterka egiten den martxan da. Bi urtez behin egiten da eta ibilbidea aldatu egiten da.
Noiz: Martxoan
Non: Zehazteke
Antolatzailea: AEK euskaltegi elkarteak antolatzen du

586259_korrika_donostia_original_imagen

Jai batean, bestean, jarrai dezagun EUSKARAREN ALDE LANEAN! 🙂

Liburu onen bat irakurtzeko gogorik bai? Proposamen batzuk!!

Uda bete-betean gaude, askok oporrak dituzte (dituzue? :-)) eta unea oso egokia da, hondartzatik hondartzara eta festaz festa gauden honetan, gure literaturaz gozatzeko ere. Euskararen inguruko blog honetan, behintzat, horrela uste dugu, eta proposamen batzuk bota nahi dizkizuegu gaurkoan. Ea zer iruditzen zaizuen ondorengo zerrenda ;-).

Uda amaitu baino lehen irakurtzeko 5 liburu

Argazkia: amazon.es

Argazkia: amazon.es

Izenburua: “Ni, Vera”

Egilea: Itxaso Martin Zapirain

Argitaletxea: Elkar, 2012

Itxaso Martin Zapirainen lehen eleberria da “Ni, Vera”, eta bertan protagonistaren alde izkutuetan eta ilunetan murgilduko gara. Hori da, azken finean, pertsonaia horrek egin beharko duena bere burua onartzeko eta sekretu handi baten hondoraino heldu ahal izateko.

Argazkia: blogs.eitb.eus/pompasdepapel/

Argazkia: blogs.eitb.eus

Izenburua: “Twist”

Egilea: Harkaitz Cano

Argitaletxea: Susa, 2012

Idazle lasartearraren laugarren eleberria da “Twist”. Protagonistak hiru lagun dira: Soto, Zeberio eta Lazkano. Soto eta Zeberio bahitu, torturatu, hil eta desagerrarazi egin zituzten. Lazkano, hirugarrena, bizirik dago, baina susmo bat badu: bere lagunen ordez bizi izango balitz bezala bizitzea al da bere erantzunkizuna? Posible al da bizitza bakarrean hiru visitas desberdin izatea? Horixe bera da liburuaren sinopsiak dioena. Adiskidetasunaren inguruko liburua da, eta ondorengo gaiak uztartzen ditu: gerra zikina, maitasuna, lotsa, justizia eta errua. Istorioa 1983an kokatzen da, Donostian hain zuzen ere.

Argazkia: katalogoa.org

Argazkia: katalogoa.org

Izenburua: “Beste norbaiten zapatak”

Egilea: Garazi Kamio

Argitaletxea: Elkar

Igartza saria lortu du Garazi Kamiok lan honekin. Zortzi ipuinek osatzen dute, eta, Garazik berak elkarrizketa batean (hemen) azalduta duenez, “bidegurutze batean dauden pertsonen inguruko kontakizunak dira“. Ipuin bakoitzean bikote desberdin bati gertatzen zaionaren berri izango du irakurleak. Bitxikeri moduan, ondorengoa esango dugu: liburuak, hasiera batean, “Gerizpeko panpinak” zuen izena, egileak berak adierazi duenez :-). Hona hemen liburuaren aurkezpenaren bideo bat:

Argazkia: lahormigaatomica.net

lahormigaatomica.net

Izenburua:Plazer bat izan duk, Benito

Egileak: Pako Aristi eta Mikel Markez

Argitaletxea: Elkar, 2012

Pako Aristi idazleak eta Mikel Markez kantariak zenbait egitasmo desberdinetan murgildu dira urteetan zehar. Kasu honetan, Benito Lertxundirekin izandako hainbat solasaldiren emaitza da liburu hau. Benito Lertxundi ondo baino hobeto ezagutzeko aukera izan dute Pakok eta Mikelek eta horrela islatu dute gomendatu nahi dizugun lan honetan.

tebeosfera.com

tebeosfera.com

Izenburua: “Asterix: urrezko igitaia”

Egileak: Albert Uderzo eta René Goscinny

Komiki hau, jakina, ez da berria, klasiko bat baizik, baina arrazoi batengatik ekarri nahi dugu hona: izan ere, Asterixen liburuen edizio berri bat ari dira kaleratzen, formatu handiagokoa, eta Asterix euskaraz ere irakurtzeko aukera dugu edizio berezi horretan. “Urrezko igitaia”, “Asterix galiarra” edo “Asterix gladiadorea” dira, besteak beste, liburudendetan eta denda espezializatuetan dauden edo egongo diren izenburuetako batzuk.

Bueno, zer deritzozue? Zeinekin hasiko zarete? 🙂 Zein da esku artean duzuen liburua? Anima zaitezte eta kontatu! Mila esker!

#euskomadonna, euskal tuitlarien inspirazio iturri

Apirila erdialdean jakin genuen Kalakan talde euskaldunak Madonnarekin kolaboratuko zuela eta… hara! Iragan astean entseguen lehendabiziko irudiak ikusi genituen, poparen erregina “Sagarra jo” kantua abesten

Madonnaren euskal ikuskizuna egi bihurtu da, eta horrek, nola bestela,  euskal tuitlarien jarioa eragin du. #euskomadonna hasthg-a erabiliz, tuit ugari topatu ditugu, eta horietariko batzuk biltzeari ekin diogu:

Andoni Lizeaga (@lizeaga) #euskomadonna , Ahetzen egona, boltsiko sakona, hori ez da broma, kantzeari utzi ta igoko al du gona…kantzeari utzi ta igoko al du gonaaaa

Katixa Agirre (@katixagirre) Madonna Arabako euskalkia berreskuratzearen alde agertu da #euskomadonna

Ricardo Gómez (@FiloBlogia) Madonnak izen artistikoa aldatuko du eta Begoñako Amatxu jarriko #euskomadonna

Txapis Otaegi (@Txapisotegi) Madonnak “la isla bonita“ Santa Klara uharteri buruzkoa zela esan du #euskomadonna

Urtzi Urkizu (@urtziurkizu) Madonna bakearen alde dago, baina komando bat sortzekotan egon zen Erentxun-Montero Lau teilatu kantatzen entzun zituenean. #euskomadonna

Leire (@txargain) Etxepare institutua oso haserre MAdonnarekin ez duelako euren iritzia eskatu kantuaren performancea egiteko orduan #euskomadonna

Goio Arana (@goioarana) #euskomadonna k, Arantzazuko Ama gogoan, Like amabirgin.

Maialen Unanue (@m_unanue) Madonna “Euskote” aurkeztekotan dabil, Eusko OT #hitzokei #euskomadonna

Madonnak Euskal Herrian pasa zituen iazko oporrak, Lapurdiko Getaria herrian. Ipar Euskal Herriko Kalakan taldea ikusi eta txundituta gelditu zen euskal doinuekin. Madonnaren txapela tendentzia izango al da mundu mailan?

Madonna txapelarekin. Argazkia: Youtube

Madonna txapelarekin. Argazkia: Youtube

Euskaldunak Santa Ageda Egunerako prestatzen: Santa eskean irtengo al zara?

Elurra mara mara ari du Euskal Herrian. Negua da, zuria da nagusi gaur gure inguruan, eta elurtearekin heldu da urtaroko hitzordua. Otsailaren 4an Santa Ageda Bezpera ospatuko da eta Euskal Herriko herri eta auzo askotako lagunak etxez-etxe ibiliko dira kantuan santa-eskean. Hartu makila, ahotsak ondo berotu eta hasi gurekin kantuan!! 🙂

Santa Ageda 2011. Argazkia: eitb.com

Santa Ageda 2011. Argazkia: eitb.com

Otsailaren 5ean, Agate Deunaren Eguna da eta bezperan santa-eskean kalean ibiltzeko ohitura dago Euskal Herrian. Etxeko txikienak, makina bat koru, elkarte edo lagun talde kalez kale ibiliko dira koplak abestuz. Baina euskaldunak han eta hemen bizi gara, eta hori dela eta Diasporan ere antolatu dituzte Santa Ageda Eguneko ekitaldiak. Esaterako, Estatu Batuetan, Boiseko Ikastolako umeak izango dira protagonistak. Hala, ostiral honetan, otsailak 3, abestera gonbidatu dituzte bertan bizi diren euskaldunak. Hitzordua goizeko 10:00etan da. “Makilak eta letrak eskura egongo dira”, esan digu NABOko euskara koordinatzaileak, hori bai, nahitaezkoa da  arrantzalez edo urdinez eta zuriz jantzita joatea.

Estatu Batuetan Santa Agedari kantuan

Estatu Batuetan Santa Agedari kantuan

Nor da, bada, Santa Ageda edo Agate Deuna?
Historiak dio Agate Deuna Sizilian jaio zela 230ean. Diotenez, neska polita omen zen, hori dela eta, Siziliako Quinciano gobernadoreak Agedaren amodioa lortu nahi zuen. Neskatoak, ordea, kristautasunean fede itsua zien eta ez zuen honen proposamena onartu. Erantzuna ez zen Quincianoren gustokoa izan eta kartzelan sartu, eta bertan torturatu egin zuen. Bularrak moztu zizkion eta hil egin zen 21 urte zituela. Hori guztia 251ko otsailaren 5ean gertatu zen. Agate Deuna mendebaldeko lehenengotariko birgina-martiria da.

Kondairak kondaira, euskal kulturaren parte da, eta urtero urtero, otsailak 4an, Santa Ageda Bezpera ospatzen da Euskal Herrian. Ohiturari jarraituz, herri askotan baserritar jantzita eta makilekin ateratzen da kalera, lurrean joaz eta erritmoak markatuz. Euskal Herriko txoko gehienetan ospatzen da egun hau, baina Barakaldon ehunkan lagun biltzen da Santa Agedako erromerian. Honatx erromeriako irudiak:

Eskerrik asko euskara maitatzeagatik eta hona hemen Agate Deunaren bezperan kantatzen den bertsoetako bat: 🙂

Santa Ageda bezpera degu
Euskal Herriko eguna;
Etxe guztiak kantuz pozteko
Aukeratua deguna.
Santa maitea gaur hartu degu
Gure bideko laguna;
Haren laguntzaz bete gentzake
Egun hontako jarduna.