Okzitaniera, Euskal Herriko hizkuntza

Okzitaniako hizkuntzak bizi duen egoera izan du hizpide aste honetako ‘Tribuaren Berbak‘ saioak. Hizkuntza erromanikoa da okzitaniera, eta, Frantziako hegoaldean ez ezik, Espainian, Italian eta gurean ere hitz egiten da, okzitaniera ere Euskal Herriko hizkuntza baita.

Bi milioi hiztun dituen hizkuntza

Okzitanieraz hitz egiten den eremua lau estatutan banatuta dago: Italia, Monako, Espainia eta, bereziki, Frantzia hegoaldeko eremu osoak. Okzitanieraren egoera hobeto ulertu ahal izateko, Franck Dolosor kazetariarekin elkartuko da Kike Amonarriz. Harek azaldu digunez, bi milioi hiztun ditu okzitanierak, Frantzia hegoalde osoan sakabanatuta eta, beraz, galduak bezala dira. Dolosorren hitzetan, ‘ospe gutxi izan duen hizkuntza izan da azken urteetan’ eta, halaber, ez da ofiziala eta gutxi irakasten da. Interneti esker, baina, argi batzuk ikusten direla gaineratu du Dolosorrek.

tribuaren-baiona_original_imagenErdi aroan pisu handiko hizkuntza izan zen okzitaniera, Dolosorrek azaldu digunez. Euskal Herrian duela urte batzuk hiztun ugari bazeuden ere, gehienak adin handikoak izanik, azken urteotan atzerakada handia izan dela jakinarazi digu kazetariak. Baionaren kasuan, esaterako, hango hizkuntza ofiziala ere izan zen okzitaniera.

Hizkuntzaren egiturari dagokionez, katalanaren antza handia dauka okzitanierak, Dolosorrek azaldu digunez, izan ere, lexikoaren %80 inguru berdina dute.

Gaskoia dialektoaren berezitasunak

tribuaren-bruno-sallaberr_original_imagenBruno Sallaberry musikariarekin egin du hitzordua Kike Amonarrizez, Bidaxuneko gazteluan, gaskoia dialektoaren berezitasunak ezagutzeko. Bidaxunekoa bertakoa da Sallaberry eta gaskoia etxean ikasi zuen, hango hiztun gehienek bezala. Herritar askok euskal abizena badute ere, batik bat gaskoiez hitz egiten dela azaldu digu musikariak; gaineratu duenez, euskara eta gaskoia menperatzen dute herritar askok eta elkarrizketa berdinean, frantsesarekin nahasten dute. Bera euskal herritarra sentitzen da txikitatik, baina baita gaskoia ere; Euskal Herrian zein Okzitania osoan, bietan sentitzen dela etxean azaldu digu Sallaberryk eta, musikaria izanik, kantatu ere euskaraz zein gaskoiez kantatzen du.

Okzitanierak Donostia eta Pasaia inguruetan utzi duen arrastoa

Aditu batzuen ustez, gaskoiera hizkuntza bat da; aditu gehienen ustez, berriz, okzitanieraren dialekto bat besterik ez da. Hori bai, denak bat datoz esatean Gipuzkoan aspaldi galdu zen arren, bere aztarnak hor daudela oraindik.

zubiaur-tribuaren_original_imagenBada, Gipuzkoan utzi duen arrasto horren berri izateko, Joxe Ramon Zubiaur hizkuntzalariarengana jo du Kike Amonarrizek. Ulian elkartu dira, Donostian, izan ere, gaskoiak inguru haretan kokatzen ziren. Beste halako gune batzuk ere aipatu dizkigu Zubiaurrek: Urgull, Morlans, Miramon, Getaria, etab. XII. mende bukaeran hasi eta XIX. mendera arte dezente hitz egiten zen gaskoieraz Pasaia inguruan. XX. mendean ere tertulia bat egiten zen Donostian gaskoieraz. Gaur egun ere baditugu hainbat dokumentu hizkuntza hartan jasotakoak.

Okzitania, Durangoko Azokako herrialde gonbidatua

durango-tribuaren_original_imagenOkzitaniar kulturara hurbildu nahi izatera, aurten Durangoko Azokan aukera aparta izango duzue, herrialde gonbidatua Okzitania izango baita. Nerea Mujika Gerediaga Elkarteko lehendakariak berak jakinarazi digunez, kultura gutxituak dituzten kanpoko herrialdeak ekarri nahi izan ditu Durangoko Azokak 2006tik hona. ‘Hurbil dagoen herrialde kulturala, baina aldi berean guretzat oso-oso ezezaguna dena’, halaxe definitu du Mujikak Okzitania. Ilusioz jasoko dute euren bisita eta sarrera hitzaldia okzitaniako idazle baten esku izango da aurtengo edizioan.

‘Akitanian biztanle erdiek okzitaniarra ulertzen dute’

paue-tribuaren-berbak_original_imagenPier-Paul Berzaitz abeslariak aitortu digunez, Pau eta Zuberoa artean bizi da. Pauen bertan okzitaniera oso gutxi entzuten da haren esanetan, hitz solte batzuk baino ez. Hala ere, Paueko plazan udan jai handia egiten da eta hor okzitanieraz hitz egiten duen jende ugari batzen da. Paueko euskal etxera joz, bertatik bertara ezagutu dugu Euskal Herria biziarazten duten hainbat ekimen lantzen dituzten gunea.

tribuaren-joan-brec_original_imagenHandik, Pauen dagoen Okzitaniako institutura egingo dute Pier-Paul Berzaitzek eta Kike Amonarrizek, hango zuzendari Joan Breçekin elkartzeko. Haren hitzetan, euren helburua zera da, okzitaniera gizarteratzea eta kultur ondare inmateriala sustatzea, hau da, dantza, ipuinak, abestiak, etab. Akitanian biztanle erdiek ulertzen dute okzitaniera eta %10ak hitz egiten du, Breçek jakinarazi duenez. Gaur gaurkoz euren erronka hizkuntza politika baten bidez berreskuratzea da, bi arrazoi tarteko: bizitasuna galdu dela, eta baita kalitatea ere. ‘Eskaera sozial handia dago eta hizkuntza ikasteko eskolak zabaldu behar ditugu, familia jada ez baita transmisio gune’, gaineratu du Breçek.

Akitaniako Calandreta, Euskal Herriko ikastolaren parekoa

tribuaren-calandreta_original_imagenEuskal Herriko ikastolaren parekoa da Calandreta, okzitanierazko murgiltze eskolak ematen dira bertan eta Isabèu Vergnes hango zuzendariarekin okzitanieraren etorkizunaz mintzatu da Kike Amonarriz. Okzitaniako lurralde osoan dauden Calandretetan 3.500 ikasle inguru dituzte eta hara doazen ikasle gehienek ez dute etxetik jaso okzitaniera. Gero eta ikasle gehiago jasotzen dituzte Calandretetan, Vergnesen esanetan, eta ikasle horiek hizkuntza irakasteko ahalmena izateaz gain, okzitanieraz bizitzeko gai dira. Hala ere, Vergnesen argi utzi nahi izan du baliabide gehiago behar dituztela hizkuntza gizarteratzeko eta hedatzeko.

Oraindik ez dakigu gurea ere baden okzitanieraren egoera nola bukatuko den; egia da egoera ez dela samurra, baina oraindik ere garaiz gabiltza egoera hori irauli eta ipuinari amaiera zoriontsua emateko. Ta, hala izan dadin, sar dadila kalabazan eta irten dadila Paueko plazan!

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *