Garuna, hizkuntzaren fabrika

Kike Amonarrizek garunak hizkuntzan duen garrantziaz hitz egin digu ‘Tribuaren Berbak’ saioko ‘Garuna, hizkuntzaren fabrika’ atalean. Gizakia da ezagutzen den garunik garatuenaren jabe, baina honek guztiak zein zerikusi du hizkuntzarekin?

Hizkuntzaren kokapena, garunean

Itziar Laka

Itziar Laka

Hizkuntzak badauka bere tokia eta atala garunaren barruan. Hau hobeto ulertu ahal izateko, Kike Amonarrizek, Itziar Laka hizkuntzalariarekin hitz egin du. Itziarrek esan digunez, hizkuntza, garuneko ‘Silvioren fisura’ izeneko atalean kokatzen da. Silvioren fisurak, bi atal ditu; Broca esparrua eta Wernicke esparrua. Bi esparru hauek neurologoen izenak hartzen dituzte.

Itziar Lakak esparru hauen funtzioak argitu dizkigu. Broca esparruan, gramatika, soinuak etb. kudeatzen ditugu. Hitzen formak, bestalde, Wernicke esparruan kudeatzen ditugu.

Amets egitea eta pentsatzea zein hizkuntzatan egiten dugun ere galdetu diogu Itziar Lakari. Itziarrek esan digunez, amets egitea eta pentsatzea gauza ezberdinak dira, baina gauza bat dute amankomunean: amestu eta pentsatu hitz gutxirekin egiten dugula. Amtes egiten dugunean, gehiena irudiak eta mugimenduak dira.

Pentsamendua, gure buruak egiten duen lana bada, gehiena ez da hizkuntzarekin egiten. Hizkuntza, gure buruarekin hitz egiteko erabiltzen dugula, gaineratu digu Itziar Lakak.

Erleen komunikazio-sistema, hizkuntza al da?

Martxel Aizpurua

Martxel Aizpurua

Martxel Aizpurua biologoa eta erlezaina da, eta Kike Amonarriz berarekin egon da, erleen komunikazio-sistema ikertzeko. Martxelek erleak dantza baten bitartez komunikatzen direla esan digu, eta dantza horren arabera jasotzen dute zer egin behar duten. Erleek komunikazio-sistema bat dutela baieztatu digu Martxel Aizpuruak, baina sistema hori ez dela hizkuntza gaineratu digu. Hizkuntza batek ikasia izan behar duela argitu digu Martxelek.

Erle jaioberriak senideak ezagutu gabe hartu, laborategira eraman eta mendian askatuko bagenitu, pauta berdinak jarraituko lituzkete, eta horrek esaten digu geneetatik datorrela informazio hori. Gainera, Europako, Amerikako, Afrikako edota Asiako erleek, komunikazio-sistema verdina erabiltzen dute.

Garunaren kaltetzeak hizkuntzaren galera ekar lezake

Lore Erriondo

Lore Erriondo

Hizkuntza garuneko zein tokitan kokatzen den argitu digu Itziar Laka hizkuntzalariak, baina zati hau kaltetzen denean, hizkuntza galtzea izan daiteke ondorioetako bat. Lore Erriondo EHUko irakasleak esan digunez, garunaren kaltetzeak, hizkuntzaren galera ekar lezake.

Garuneko hizkuntza kudeatzen duen zatia kaltzen bazaigu, hizkuntza galtzera iritsi gaitezke. Zati hau kaltetuta badaukagu, zailtasunak izan ditzakegu hizkuntza erabiltzean. Kalteak traumek, kolpeek, ebakuntzek, tumoreek edo gaixotasunek eragiten dituzte, eta garunaren zati bat hiltzea eragin lezake. Iktusa izan daitezke ondorioetako bat, eta hizkuntza kokatuta dagoen tokia itzaltzen bada, hizkuntza galtzeraino iritsi gaitezke.

Hizkuntzaren galerari, Afasia deitzen zaio. Afasiak arazoak sortzen ditu adierazpenean eta ulermenean. Pentsamenduan ez luke eraginik izango, bai ordea, hizkuntzan.

Eleaniztunen eta elebakarren garuna, berdina al da?

Mikel Santesteban

Mikel Santesteban

Eleaniztunen eta elebakarren garunak ez du berdin lan egiten. Honen inguruko xehetasunak Mikel Santesteban EHUko ikerlariak eskaini dizkigu. Eleaniztuna izanda, bi hizkuntza edo gehiago menperatzen dituzu, eta ondorioz, bi sistema edo gehiago garatzen ditu zure garunak. Gainera, elebakar batek baino hitz gehiago ditu elebidunak, eta garunak lan gehiago egin behar du. Elebidun eta eleaniztunek bi hizkuntza (edo gehiago) aktibatzen dituzte aldi berean. Euskara eta gaztelania menperatzen baditut, adibidez, zuhaitz bat ikustean “zuhaitz” eta “árbol” hitzak aktibatuko zaizkit, eta erabili nahi dudan hizkuntzako hitza aukera beharko dut. Ondorioz, ariketa mental bat egitera behartzen dut garuna.

Mikel Santestebanek elebiduna edo eleaniztuna izateak elebakarra izateak baino abantaila gehiago dituela adierazi digu. Adibidez, elebidunek garrantzirik ez duen informazioa baztertzeko erraztasun handiagoa dute. Elebiduna edo eleaniztuna izateak, Alzheimerra hiru urte atzera dezakeela diote espezialistek egindako ikerketek. Horrek ez du esan nahi Alzheimerra izango ez duzunik, baina gaixotasun degeneratiboak atzeratzen dituela baieztatzen dute ikerketek.

Baina, elebiduna edo eleaniztuna izateak badu desabantailaren bat ere. Mikel Santestebanek esan digunez, elebiduna den pertsona batek bere lehen hizkuntzan hitz egiten duenean, elebakarrak diren pertsonak baino milisegundo batzuk motelagoa da hitz egiterakoan.

Ikusi hizkuntza eta garunari buruzko saioa osorik:

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *