Euskara ikasteko, hamaika bide

Kike Amonarriz, Tribuaren Berbak

Kike Amonarriz, Tribuaren Berbak

Gure hizkuntza ikasteko ezohiko bideak erabili dituzten lagunekin izan da Kike Amonarriz, Tribuaren Berbak saioaren bigarren denboraldiko laugarren atalean. Euskara ikasteko hamaika bide daude, ikasle ezberdinei egokitutako nahi adina era. Jende gehienak familian, eskolan, edota euskaltegian ikasi du euskara, ohiko bideak erabili ditu euskalduntzeko. Baina, zeintzuk dira euskara ikasteko ezohiko bideak?

Kolonbiako Jose Miguel Ramirez eta Greziako Maria Spantidi

Kolonbiako Jose Miguel Ramirez eta Greziako Maria Spantidi

Kolonbiako Jose Miguel Ramirez eta Greziako Maria Spantidi YouTuben ezagun egin dira. Biak ditugu euskaldun autodidaktak, eta euren kabuz ikasi dute euskara, Euskal Herria zapaldu gabe, gainera. Jose Miguel Ramirezek 15 hizkuntza dakizki, eta kuttunena euskara du. Euskal Herria ezagutzeko asmoa du, berton lagun handi asko baititu. Mariak 10 hilabete besterik ez ditu behar izan bere kabuz euskara menperatzeko. Jose Miguelek bezala, Mariak ere Euskal Herria eta gure kultura ezagutzeko gogo handia du, baita euskara praktikatzeko ere.

Adam Zawiszewskik eta Veronica Domingok, berriz, euskara klaseak Polonian eta Argentinan jaso zituzten, eta gerora etorri ziren gurera ikasitakoa berrindartzera. Veronicak txikitatik izan du harremana euskararekin: amona euskalduna zuen. Duela 20 urte hasi zen Euskal Etxean euskara ikasten, “Argentinan Euskaraz” programaren bidez. Astean 2 klase ematen zituzten. Euskarak aukera asko eman dizkio Veronicak: alde batetik, amonarekin konplizitate handiagoa izatea lortu zuen; bestetik, euskal kultura ikasteko aukera eman zion. Adamek, aldiz,

Adam Zawiszewski eta Veronica Domingo

Adam Zawiszewski eta Veronica Domingo

unibertsitatean ezagutu zuen euskara. Frantses filologia ikasten ari zela, euskara ikasteko aukera eman zioten, eta izena eman zuen. Kikeri adierazi dionez, Poznanen 1991n ala 1992an hasi ziren euskara klaseak ematen. Astean, ordu t’erdiko 3 eskola ematen zituen, neguan Zornotzako barnetegian ikastaroak egiten zituen, eta udan ere etortzen zen ikastaroak egitera. Batueraz egiteaz gain, bizkaieraz ere egiten du Adamek. Egunero erabiltzen duen komunikatzeko tresna da Adamentzat euskara.

Mungian izan da Kike Amonarriz, euskaldunok etxetik eta eskolatik kanpo ikasten ditugun hizkuntzez galdetzen. Ingelesa eta frantsesa dira gehien ikasten dituzten hizkuntzak.

Asko dira historian zehar euskaraz ikasteko argitaratu diren metodo eta testuliburuak, eta guztiak topa daitezke Donostiako HABE liburutegian, Antiguo auzoan. 50.000 erreferentzia eta liburu baino gehiago aurki daitezke bertan. Hainbat metodo erakutsi dizkigu Kikek, hala nola “Euskera Viviente/Euskara Bizia” harribitxia, CCCko kaseteak, edo “Bai Horixe” euskara ikasteko egin zuten lehen telebistako saioa.

Zuriñe Abasolo eta "Bertxo"

Zuriñe Abasolo eta “Bertxo”

Euskaltegiek ohiko aurrez aurreko eskolez gain eskaintzen dituzten aukerak azaldu dizkigu Kikek. Klase presentzialez gain, autoikaskuntza gero eta gehiago erabiltzen dute. “Bertxo” irakasleak azaldutakoaren arabera, ikasleek, ordenagailuaren aurrean ikasten dute. Horrez gain, klasera ere joaten dira. Zuriñe Abasolo autoikaskuntza bidez ari da euskara ikasten: alde batetik, ez du denbora askorik lanaren ondorioz, eta aurki ama izango da.

Adinekoak euskara ikasten

Adinekoak euskara ikasten

Adina ez da arazo izaten ikasteko gogoa dagoenean. Txorierriko hainbat edadedun lagunek euskara zergatik ikasten ari diren azaldu diote Kikeri. Maria Gaston irakasleak azaldutakoaren arabera, 60 urtetik gorakoak dira bere ikasleak, eta astean hirutan biltzen dira: birritan klase normalak izaten dituzte, eta hirugarrenean beste talde batekin biltzen dira mintzapraktikak egiteko. Hona hemen, euskara zergatik ikasten ari diren: batez ere bilobekin euskaraz hitz egiteko, erronka modura, abesbatzan abesten dituzten kantuak ulertzeko, gure aberriaren hizkuntza delako…

Gurera atzerritik heldutako gaztetxoek ere ikasten dute euskara. Joseba Ibarra kultur arteko hezkuntza arduradunak gaztetxo etorkinak nola euskalduntzen diren azaldu dio Kikeri. Beste hizkuntzak erakusten diren bezala, euskara ere maitasun handiz irakatsi behar dela dio Josebak. Batez ere, ikasle etorkinak, gainerako ikasleekin batera, eskolako dinamikan sartzea lortu behar da, berriek euskara ikas dezaten.

Saharako Carama Mohamed eta Burkina Fasoko Talato Zeina Zongo

Saharako Carama Mohamed eta Burkina Fasoko Talato Zeina Zongo

Saharako Carama Mohamed eta Burkina Fasoko Talato Zeina Zongo euskaldun berriak dira. Caramak 12 urte ditu, eta duela 3 urte etorri zen Euskal Herrira. Zeinak 13 urte ditu, eta duela 4 urte etorri zen gurera. Euskara ikastea erraza egin zaien arren, aditzak pixka bat zailak direla aitortu dute. Zeinak euskal musika maite du: Ken Zazpi, Betagarri… Caramari liburuak gustatzen zaizkio. Biei gustatzen zaizkie udalekuak.

Hizkuntza bat ikasteko hamaika aukera daudela ikusi dugu, beraz, norberak berea aukera dezala.

Saioa osorik ikusi dezakezue EiTB Nahieran atarian:

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *