Euskarak ze paper du interneten?

Euskarak interneten, munduko sarerik handienean, duen presentzia aztertzeari ekin dio aste honetan ETB1eko “Tribuaren Berbak” saioak. Kike Amonarriz gidari duela, interneteko alor ezberdinak ikertzen eta eragile ezberdinekin hizketan aritu da taldea.

Kike Amonarriz, Tribuaren Berbak

Kike Amonarriz, Tribuaren Berbak

Pixka bat kokatzeko, interneteko sareetan begira jarrita, euskara ze lekutan dagoen ikusiko dugu: Wikipedia, adibidez, 287 hizkuntzatan dago idatzita eta, horien artean, euskara 35. lekuan dago: 181.000 artikulu daude gure hizkuntzan idatzita. Twitter, bestalde, 33 hizkuntzatan erabili daiteke, horietako bat euskara eta 200.000 txio inguru bidaltzen dira hilero gure hizkuntzan.  Horrez gainera, Google, Facebook, Youtube edota Tuentiren euskarazko bertsioak ere erabili ditzakegu.

Iratxe Esnaola, .eus

Iratxe Esnaola, .eus proiektuaren koordinatzailea

Baina aro digital honetan ondo finkatzeko, domeinu propio bat edukitzea aurrerapauso handia da eta gurea, .eus, errealitate bihurtzear dago.Iratxe Esnaolak, .eus domeinuaren koordinatzaileak azaldu digunez, “euskara eta euskal kulturaren gainean jarduten duten webguneentzat” sortutako domeinua izango da eta jendea euskarara gerturatzea izango du helburu. Une honetan, hasiera fasean dago, domeinu hau erabiltzen hasiko diren webguneen lehen zerrenda aurkeztuko dute laster; baina 2014ko abenduaren 3an, Euskararen Egunean, publikoari zabalduko zaio eta hedatzen hasiko da.

Xabier Armendaritz eta Kike Amonarriz

Xabier Armendaritz eta Kike Amonarriz

Lehen esan dugunez, Wikipedia da euskaraz erabili daiteken erremintetako bat. 181.000 artikulutik gora daude gure hizkuntzan eta edozein gaiei buruzko artikuluak dira. Printzipioz edonork argitaratu edo osatu dezake artikulu bat. Baina gure hizkuntzari dagokionez, dozena bat boluntario aritzen dira hilero artikuluak euskaratzen. Xabier Armendaritz itzultzailea da horietako bat eta gairen batean aditua den edonori gai horri buruz idazteko gonbidapena luzatu dio “Tribuaren Berbak” saioaren bidez.

Maite Goñi

Maite Goñi, IKT aditua

Eta beste alor askotan bezala, hezkuntzak ere paper garrantzitsua jokatzen du interneten erabileran. Maite Goñi irakaslearen eta IKT-ko adituaren hitzetan, internetek irakaskuntza errotik aldatzeko aukera ematen du, baina oraindik ez zaio behar adinako etekinik atera. Hala ere, txiki txikitatik haurrak interneten heztea garrantzitsua dela dio, bertako erremintek ikasketetarako aukera ugari ematen dituztelako, eta horiek zuzen kudeatzen jakitearen garrantzia aipatu du. Eduki gehienak ingelesez edo hizkuntza handietan idatzita badaude ere, Maiteren esanetan “euskal komunitatea txikia baino ekimentsua da” eta mundu honetan gero eta presentzia handiagoa duena.

Horrek euskararen iraupenean asko lagunduko du; izan ere, gaur egungo gizartea ikusita, mundu digitalean ez dagoen hizkuntzak desagertzeko arrisku handiagoa izango duela ematen du. Eta egiazki, alde batetik, digitalizazioak aukera berriak zabaldu dizkie hizkuntza txikiei eta hainbat argitalpen egiteko kostuak txikitu ditu; gaur egun, edonork igo baitezake bideo bat edo idatzi dezake edozer gairi buruz. Baina bestetik konpetentzia ere asko hazi da. Horixe aipatu dute “Tribuaren Berbak” saioan Garazi Goiak, BBCko hedapenerako arduradunak, etorkizuneko telebistari buruz hitz egiterakoan eta Javier Etxebestek, interneteko ekintzaileak, enpresek eta hizkuntzek interneten duten paperari buruz hitz egitean.

Saio osoa ikusi:

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude