Zein izango da euskararen egoera 2039an?

Hemendik 25 urtera euskarak izango duen egoeraz aritu dira “Tribuaren Berbak” saioan. Etorkizunean osasun ona edukiko du edo makal xamar ibiliko da? Hurrengo belaunaldiak nola biziko du? Ze erabilpen emango dio? Galdera horiei erantzuten saiatu dira.

Gurasoak euskarari buruz

Gurasoak euskarari buruz

Orioko Maria Maestra haur eskolan izan da Kike Amonarriz. Bertan, ume txikiak dituzten gurasoen iritziak jaso ditu. Guraso gehienen ustez, hemendik 25 urtera haurrek hiru hizkuntza jakingo dituzte gutxienez; euskara, erdara eta ingelesa, nahiz eta beraien ohiko hizkuntza euskara izan.

Euskararen etorkizunaz eta erronkez hitz egiteko Iñaki Martinez de Luna soziolinguistarengana jo du Kikek. Iñakiren ustez, 2039an 1.200.000 euskaldun egongo dira eta gainera, erabilera maila areagotuko da. Etorkinek ekarpen polita egingo diote euskarari, azken finean, etorkinek bilatzen dutena gizartean txertatzea da eta hizkuntza lagungarria izango zaie. Gaur egun, gizartearen %33 euskalduna da eta, hemendik 25 urtera, erdia izatera iritsiko garela esan digu. Geografikoki homogeneotasunerantz joko dela uste du Martinez de Lunak.

 

Etorkizunari buruzko eztabaida

Etorkizunari buruzko eztabaida

Patxi Baztarrika, Lurdes Auzmendi eta Zigor Etxeburua, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea, sailburuorde ohia eta Gipuzkoako Euskara zuzendaria hurrenez hurren, euskararen botilaren inguruan bilduta euren hausnarketa eskaini dute. Baztarrikak betea eta betetzen ikusten du botila. Betetzen jarraitu edo ez, haiek, herritarrek eta oso bereziki euskaldunek egiten dutenaren esku dagoela adierazi du.

Etxeburuaren arabera, euskararen egoera zein den jakitea garrantzitsuena da, baina, edonola, behar duguna, hori betetzeko ahalmena da. Auzmendik ere erdi betea ikusten du. Hor daude euskara ikasi dutenak, euskal hedabideak, milaka langile eta guztiekin botila hori betetzen jarraitu behar da. Nahi izanez gero, botila betetzea lortu dezakegula adierazi du.

Karmelo Ayestarekin

Karmelo Ayestarekin

Bestalde, Karmelo Ayestak, Goza daiteke gehiago: euskaldun baten hizkuntza-bidaia liburuaren egileak, ez du euskara arriskuan ikusten. Etorkizunean euskara, gaur egun, baino askoz indartsuago ikusten du. Bere ustez, uste faltsu asko daude euskararen inguruan. Horietako bat euskaraz hitz egiteko euskaldun perfektua izan behar dela da. Iritzi horrek kalte handia egin dio euskarari, Ayestaren arabera, euskara txarrena eta traketsena hitz egiten ez dena baita.

Bukatzeko, 2039an profesional izango diren gazteekin izan da Kike. Askok hemen eta euskaraz egin nahiko lukete lan, baina badira hala nahi dutelako, edo egoerak bultzatuta, ingelesez egingo dutela uste dutenak, baita gazteleraz edo frantsesez. Beraz, etorkizuna eleanitz ikusten dute.

Saio osoa ikusteko:

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *