Ipar Euskal Herriko gaztetxoen artean euskararen berpizkundea antzematen da

Kike Amonarrizek zuzendu eta gidatzen duen ‘Tribuaren Berbak’ saioa Ipar Euskal Herriko euskararen bizi-indarraren bila ibili da aste honetan. Hasteko, datu orokorren bila jo du Kikek eta Eguzki Urteaga soziolinguistarengana. Honek esandakoaren arabera, gaur egun, biztanleen %22 da elebiduna, %9 elebidun hartzailea eta %69 erdaldunak, hau da, ez dute euskara ulertzen ez erabiltzen.

Iparraldeko euskararen egoera. Tribuaren Berbak

Iparraldeko euskararen egoera. Tribuaren Berbak

Datuak horrela ikusita, euskara larri dagoela Ipar Euskal Herrian ematen du, baina egoera hau sakonago aztertzeko lanak hartu ditu ‘Tribuaren Berbak’ saioak. Eguzki Urteagak esan bezala, euskararen egoera ezberdina da eremu geografikoen arabera; Baiona inguruan eta hiri handietan oso gutxi entzuten da eta landa eremuetan, aldiz, Zuberoan eta Baxe Nafarroan indartsuago dago. Urepelen, adibidez, egoera hobea da.

Bestalde, 1991z geroztik egiten diren ikerketa soziolinguistikoek erakusten dute euskararen gainbeherak oraindik ere jarraitzen duela, baina azken urteetan beherakada leundu egin dela. Gainera, datu positibo bat ere eman du Eguzkik: 16 eta 24 urtekoen artean berpizkunde bat antzematen da azkenaldian.

Euskara hizkuntza ofizial ez izatea ere ez da batere lagungarria egoera honetan. Frantziako Konstituzioaren bigarren artikuluak dio frantsesa dela Estatuko hizkuntza eta horri heltzen diote agintariek hizkuntza gutxituen hiztunak eskubideak aldarrikatzen hasten direnean.

1992ko azaroaren 5ean Hizkuntza Gutxituen Karta onartu zen Europako Kontseiluan, hizkuntza gutxituak babesteko. Europako Kontseiluko 47 estatuetakin 24 dira akordioari muzin egin diotenak eta horien artean dago Frantzia.

Henri Gregoire abadea

Henri Gregoire abadea

Frantziak munduari gauza on asko eman dizkio. Baina frantsesa ez diren beste hizkuntzei dien begirune eskasa die. Eta Henri Grégoire abadea da ezinikusi horren erantzule nagusietako bat. 1794an, “Rapport sur la Nécessité et les Moyens d´anéantir les Patois et d´universaliser l´Usage de la Langue française” plazaratu zuen, hau da, Frantziako hizkuntza gutxitu guztien suntsipena defendatzen zuen liburua.

Horregatik, Seaska ikastolen elkartea bezalako ekimenak behar-beharrezkoak dira. 30 ikastola eta 3.100 ikasle baino gehiago biltzen ditu. Paxkal Indo da bertako lehendakaria eta egiten ari diren lanari buruz mintzatu da Kike Amonarrizekin. Eskolim elkarteko lehendakaria ere badela azaldu dio. Elkarte honetan bost hizkuntza gutxitutan irakasten duten Frantziako eskolak biltzen dira; okzitanieraz, katalanez, bretoieraz, alsazieraz eta euskaraz aritzen direnak, hain zuzen. Hainbat lan egiten dituzte elkarrekin, irakasleen formakuntza esate baterako.

Paxkal-Indo

Paxkal Indo Kike Amonarrizekin

Eta euskara egoera onean ez badago ere, Frantziako beste hizkuntza asko okerrago daudela dio Paxkal Indok. Baina haietako batzuetako hiztunak ere lanean ari dira etengabe, euren hizkuntzak salbatzeko: okzitaniera, alsaziera, korsikera, bretoiera eta katalana indartzeko ekintzak egin izan dituzte.

Euskararen alde ere ekimen ugari egin dituzte Ipar Euskal Herrian. Baionako Bernat Etxepare Lizeoko gazteek egindako bideoklipa besteak beste. Baionako hau, Iparraldeko lizeo bakarra da eta, horren ondorioz, hiru lurraldeetako gazteak biltzen ditu. Etxetik urrun daudenak, zuberotarrak eta baxenafarrak, gertuko barnetegi batean igarotzen dute astea eta asteburuan joaten dira etxera.

Etxepare Lizeoko ikasleak

Etxepare Lizeoko ikasleak

Haien artean errazago komunikatzeko eta euskalkien zailtasunak gainditzeko, “Iparraldeko batua” moduko bat sortzen ari omen da. Eta frantsesa eta euskara ere nahasten dituzte tarteka, “freuskara” sortuz. Adibide gisa, futitzen esan ohi dute bost axola esateko; edota dragatu hitza erabiltzen dute ligatu adierazteko.

Ikastolen elkartean bezala, eskola publikoan euskara txertatzeko ekimenak ere gero eta gehiago dira. Biga Bai gurasoen elkartea gogor ari da lanean helburu horrekin.

Amaitzeko, euskarazko egitasmo ugari daudela Ipar Euskal Herrian gogoratu behar dugu, hala nola, Kanaldude telebista, Mintzalasai proiektua, Zinegin eta Euskal Herria Zuzenean festibalak, eta beste hainbat. Denon artean lan eginez, euskaren jakintza eta erabilerari buruzko hurrengo urteetako datuak hobeak izango direla espero dugu!

Saio osoa:

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *