Errioxan euskaraz aritzen ziren Erdi Aroan

Kike Amonarriz eta Leire Sueskun

Kike Amonarriz, Lapuebla de Labarcan Leire Sueskunekin, euskara teknikariarekin.

Arabako Errioxako euskararen egoera ezagutzera joan da Kike Amonarriz Lapuebla de Labarca ingurura ‘Tribuaren Berbak’ saioaren azken atalean.

Koldo Zuazo hizkuntzalariarekin hitz egin ostean, jakin dugu Erdi Aroan Errioxan euskara hitz egiten zela. Arabako Errioxako daturik ez dago XVII. mendera arte, baina Errioxako datuak bai.

Esanguratsua da Ojacastro herriko datua adibidez. 1234-39 urte inguruan, Gaztelako Erregeak herri hartako bizilagunei epaitegietan euskaraz aritzeko eskubidea onartzen zien Foru baten bidez.

Beraz, pentsatzekoa da inguru guztian, baita Arabar Errioxan ere, euskaraz aritzen zirela herritarrak. Lurralde hartan, gainera, euskarazko izen ugari agertzen dira; gehienak mendebaldeko hizkuntzan: barri (berri), uri (hiri), baltz (beltz)…

Maite Vicario, Lapuebla de Labarca

Maite Vicario, Lapuebla de Labarcako lehen euskaldun zaharra da.

Tamalez, handik mende gutxira desagertu zen euskara lurralde haietan. Baina azken 50 urteetan sekulako lana egin dute Arabar Errioxan hizkuntza berreskuratzeko. Gaur egun, bertan jaiotako euskaldun zaharrak ere badaude eta lehendabiziko euskaldun zaharra topatu du Kike Amonarrizek; 13 urte ditu eta Maite Viteri du izena.

Lapueblako Assa ikastolan aritu ziren lehen ikasleen seme-alabak dira Arabako Errioxako gaur egungo euskaldun zaharrak. Arabako Errioxako, Errioxako eta Nafarroako 32 herritako ikasleak dituzte. Casalarreinako eta Vianako ikasleak ere badituzte, horietako batzuk gainera ordu eta erdi egiten dituzte autobusean egunero ikastolara joan ahal izateko bertako irakasle Aitor Urkizak Kike Amonarrizi kontatu dionez.

Hain zuzen, Assa ikastola ari da aurtengo Araba Euskaraz antolatzen eta ilusioz beteta daude herrian ekainaren 15eko festa horretarako.

Ikastolari, bailarako euskara elkarteei, bertso-eskolari eta euskara zerbitzuari esker, euskarak asko irabazi du azken hamarkadetan inguru haietan; Leire Sueskun euskara teknikariarekin hitz egin du Arabako Errioxan euskarak gaur duen egoeraz eta baieztatu duenez, erdaldunen kopurua %50 jaitsi da azken 30 urteetan. Beraz, urte gutxitan biztanleen erdiak euskaraz hitz egitea lortu dute.

Bejondeizuela! Segi horrelaxe lanean!

Ikusi saio osoa:

Leave a Reply to Anonymous Cancel reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *