Hizkuntzak ez dira sexistak; sexistak hizkuntzen erabilerak dira

Kike Amonarrizek gidatutako saioak sexismoa eta euskara izan ditu ardatz, gure hizkuntza sexista ote den aztertu nahi izan baitu.

tribuarneberbak1_1024x576

Agurtzane Juanena idazlearen hitz batzuk aipatuta hasi du Kike Amonarrizek ‘Tribuaren Berbak’ saioaren seigarren atala: “Kultura sexistatik mintzaira sexista dator, eta mintzaira sexistak iraunarazi egiten du sexismoa kulturan”. Esaldi hori hizkuntzen arlora ekarrita, sexistak al dira hizkuntzak? Eta gurera etorrita, euskara generorik ez duen hizkuntza dela entzun dugu beti. Baina hori hala al da?

Izan ere, gure inguruko hizkuntza gehienek duten genero gramatikalik ez du euskarak, baina ezin esan genezake hitz euskaldunek generorik ez dutenik. Horren adibide ditugu, esaterako, oiloa eta oilarra, ahuntza eta akerra, behia eta zezena, eta emakumea eta gizona. Eta hortxe dugu, halaber hitanoa. Hika ari garenean, solaskidearen generoa kontuan daukagu. Beraz, euskarak egiten du genero bereizketarik.

tribuarenberbak2_1024x576

Amelia Barquin idazleak Euskararen erabilera ez sexista idatzi zuen, genero bakoitzak hizkuntzan duen presentzia maila berekoa ote den jakiteko. Izan ere, luzaroan pentsatu dugu aldameneko erdaratan bazela zer ikertu gai horretan, baina ez, ordea, euskaran. Eta euskaraz ere bada hainbat adibide gizartearen beste arloetan gertatzen diren parekotasun ezak hizkuntzan ere gertatzen direla erakusten dutenak. Dena den, Barquinek ez luke esango “euskara sexista denik. Erabileran dago gakoa, erabilerak izan daitezkeelako sexistak, edo arrazistak”.
Esaterako, GIZON hitza oraindik erabiltzen da PERTSONA izendatzeko. Barquinek gogorarazi digu, adibidez, hain maitea dugun “Izarren Hautsa” kantuko hainbat bertso direla horren lekuko: “Gizonak badu inguru latz bat menperatzeko premia” edo “Gizonen lana jakintza dugu, ezagutuz aldatzea”.

Eta “gizon portatu” esamoldea “zintzo portatu” edo “adoretsu portatu” esateko erabili ohi da, baina ez dago horren pareko “emakume portatu” esapiderik. Beraz, badaude oraindik asimetria batzuk, emakumeei eta gizonezkoei dagokienez.tribuarenberbak4_1024x576

Hiztegiek erakusten digute oraindik badirela emakumea gutxiesteko erabiltzen diren hitzak (esaterako, “tuntuna”, “txolina”, “bargasta”, “txatxala”, “baldraska”…), eta batzuek, gainera, ez dute gizonentzako ordainik. Eskualde gehienetan, “alua” esatea iraingarria da, “zakila” esatea ez da hain iraingarria, eta “a ze potroak” esatea ona edo txarra izan liteke.

Baina zergatik gertatzen ote dira hitzen arteko desberdintasun horiek? Ibon Sarasola idazle eta hiztegigile ohiaren iritziz, “gizartea matxista baldin bada, hizkuntza matxista izango da; eta gizartea aldatzen den neurrian, hizkuntza aldatzen da”. Sarasolaren iritziz, indarra egin beharra dago ideologikoki matxismoaren kontrako gizartea lortzeko.

Historikoki, gizona izan da jendaurrean agertu eta trebeki moldatu dena, “plazagizona” izan dena. Baina, beharbada, erabileraren poderioz, “plazandre” hitzak ere lekua izan dezake hiztegian. Uxue Alberdi bertsolari, kazetari, idazle eta abestigileak, esaterako, haren burua “plazandretzat” duela esan daiteke, eta hitz hori bezala, “etxeko gizon” esamoldea ere hiztegian falta dela aipatu du.tribuarenberbak3_1024x576

Emakumera batua” kontzeptuarekin bat egiten du Alberdik (Estitxu Eizagirrek duela zenbait urte sortutakoa), izan ere, komunikazio kode berri bat behar litzateke publikoki egiten den gauza ororako, bai umore publikoa egiteko, bai eztabaida publikorako. Izan ere, publikoki egiten den diskurtsoa ez da neutroa, “gizontasun hegemonikoko baloreen gainean eraikia dago”. Horregatik sortu dituzte bertso eskola feministak. “Bertsolaritza, orain gutxi arte, gizonek eta gizonentzat egindako jarduna izan da, eta emakumezkoak plaza horretara sartu direnean, aldaketak izan dira, baina oraindik, kasu askotan, buruan daukagu egindako bertsolaritza eredu bat, eta gure eredutik joan beharrean, egokitu egiten gara. Plaza eraikiko dugu une bakoitzean plaza egiten ari garen guztiok”.

Matxismoan edo sexismoan eraikitako baloreak gehiengoa dira”, azpimarratu digu Alberdik. Izan ere, bai ipuinetan, bai iragarkietan, bai filmetan topatzen ditugu horrelako diskurtsoak. “Aza berriz berotua, eta emakume berriz ezkondua, berdintsu”; horrelako atsotitzek argi erakusten digute sexismoa aspaldiko kontua dela, eta ezin dugu ahaztu hizkuntza sexista baten atzean gizarte sexista bat dagoela.

Beraz, gakoa ez dago gure hizkuntzan, hiztunon burmuinean baizik.

Ikus ezazue oso-osorik ‘Tribuaren Berbak’ saiaoren 6. atala:

One thought on “Hizkuntzak ez dira sexistak; sexistak hizkuntzen erabilerak dira

  1. Pingback: Asmakizuna: nor zen bada ditxosozko zirujaua? | Kinka

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude