Euskarazko publizitateak etorkizun itzela du

Izenbururik gabe aurkeztu du Kike Amonarrizek bosgarren ‘Tribuaren Berbak’ saioa. Eta, zer dela eta? Euskararen eta publizitatearen arteko lotura aztertzeko asmoari jarraiki, slogan deigarri bat bilatzea izan zuelako helburu.

tribuaren-berbak-kike_1024x576

Salerosketa etengabean bizi gara, eta produktu eta marka guztiak gure onespena lortzeko lehiatzen dira. Horretarako, publizitatea da darabilten teknikarik eraginkorrena, behar ez ditugun beharrak sortzen dituen erreminta boteretsua. Testuinguru horretan, zenbaterainoko garrantzia du euskarak (garrantzirik badu)? Alegia, euskarak saltzen al du? Horixe da Kike Amonarrizek gidatutako ‘Tribuaren Berbak’ saioaren bosgarren atalaren muina.

Izenbururik gabe hasi da bosgarren saioa, eta horixe izan da erronka nagusia: slogan deigarri eta egokia asmatzea. Horretarako, hainbat publizitate-aditurengana jo du, eta lelo egokia bilatzeaz gain, euskarazko publizitatearen egoera aztertu dute elkarrekin.

tribuaren-berbak-inigofernandez_1024x576

Iñigo Fernandez Ostolaza  ‘Euskara eta publizitatea‘ blogaren egileak nabarmendu du euskarak pertsuasio-abantailak eskaintzen dituela, besteak beste, “gertutasuna, konplizitatea, enpatia, hurbilpen afektiboa, identifikazioa maila altuagoa… Euskarak aukera ematen du modu informalago, lasaiago batean jarduteko, horrek pertsuasio ikuspegitik dituen onura nabarmenekin. Gainera, euskaraz jardunda suerta gaitezke fidagarriago, sinesgarriago, eta, beraz, eraginkorrago”.

Orduan, zergatik ez da euskara gehiago erabiltzen publizitatean? Ikerketatxo bat egin du Kike Amonarrizek Bilbon, eta Plaza Biribiletik Moiuara bidean dauden iragarkiak aztertu ditu. 9 topatu ditu gaztelaniaz, 2 elebitan, eta bakar bat ere ez euskaraz. Ikerketa txikia, baina esanguratsua, zinez.tribuaren-berbak-joxerragartzia_1024x576

Errazkeriaren, axolagabekeriaren eta ezjakintasunaren eraginez erabiltzen da hain urria euskara publizitatean. Baina Joxerra Gartzia EHUko irakasle eta idazlearen iritziz, publizitatea euskaraz egiteak bakarrik ez, publizitatea euskaraz sortzeak dauka garrantzia. “Publizitateak jarrerak eta joerak aldatzeko balio du, bestela ez da publizitatea. Egun, euskarazko publizitatean, erdaraz landutakoa hartu eta itzultzen dugu, kalko hutsa egiten dugu, morrontza handiegiko bertsio bat. Beharbada, euskararen lege gramatikalak betetzen ditu, baina ez du balio inorengan eragina izateko”. Horregatik, Gartziak nabarmendu du pazientzia beharrezkoa dela sormena euskaraz lantzeko, eta euskal iragarleek ahalegintxoa egitea garrantzitsua dela azpimarratu du.

atsedenik-ez-drogarik-gabeIragarki onak gogoan gelditzen zaizkigu, baina txarrak are gogoangarriagoak egiten zaizkigu sarritan. Eta gure memorian iltzatuta gelditu izan zaizkigu euskarazko itzulpen negargarriak zeuzkaten iragarkiak. Nola ahaztuko dugu, bada, Espainiako Barne Ministerioak 1999an drogen kontsumoaren kontra egindako ‘A Tope Sin Drogas’ kanpainaren euskarazko itzulpena? ‘Atsedenik Ez Drogarik Gabe’. Itzultzaile profesionalik ez kontratatzearen ondorio negargarria.
Estitxu Garai publizitate ikertzaileak Amonarrizi kontatu dionez, euskarazko publizitate gehiena gaztelaniaz sortzen eta, ondoren, itzultzen edo moldatzen bada ere, publizistek badakite prozedura ez dutela ongi egiten, eta horrek euskarazko publizitateari kalte egiten diola. “Beraz, etorkizunera begira, hori positiboa izan daiteke”. Gainera, aurreiritzi ugari dago publizisten artean, euskarazko mezuak luzeegiak direla uste da, eta Garaik ateratako ondorioen arabera, “ez da horrela”. Gainera, leloek grazia galtzen dutela uste dute.

Beraz, gainditu egin behar dira aurreiritzi horiek euskaraz publizitate egokia eta eraginkorra sortzeko, ez baita aski publizitatea egotea, eragin egin behar du. Abadiñoko Di-Da publizitate agentziako Gorka Barruetabeñak azaldu duenez, argi izan beharra dago zer esan behar den, nori esan behar zaion eta nola hitz egin behar den. Deigarria eta ulergarria izan behar du, eta ideia on bat izateko, ideia asko baztertu behar dira. Eta bide horretan, euskarazko publizitateak etorkizun itzela omen du, harik eta aurreiritziak gainditzen baditugu, pazientzia badugu, euskarazko pertsuasiorako ematen dizkigu abantailak baliatzen baditugu, eta euskarazko sormenari leku handiagoa ematen hasten bagatzaizkio.

Bide batez, Di-Dako kideen laguntzari esker, ‘Tribuaren Berbak’ saioaren bosgarren atalari izena jarri diote: ‘Hitz eta pitz, publhitz’.

Ikus ezazue bosgarren saioa osorik:

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *