Kike Amonarriz, euskararen blogeko luxuzko fitxaketa

Kike Amonarrizek beti izan du euskararekiko maitasuna. Izan euskarari buruzko hitzaldien bidez, izan ‘Mihiluze’ bezalako saioekin, euskara izan du ardatz azken urteotan aurkezleak. Orain erronka berri bat du esku artean, bihar hasiko baita ‘Tribuaren Berbak’ saio berria. Eta zorionekoak gu, izan ere, ostegunero, bezperako saioan Kike Amonarrizek kontatutako bitxikeriak, emandako datuak… bilduko baititugu euskararen blogean. Ostegunero, beraz, “Tribuaren Berbak” saioarekin bat egingo dugu.  Goizean egin dute Tribuaren Berbak saioaren aurkezpena eta bai Kike, baita talde osoa ere, ilusioz beteta agertu dira. Zenbait euskal hiztun gara munduan?  Hauxe, lehenengo saioaren gaia. Berarekin izan gara kontu kontari: 🙂

Kike Amonarriz. Iturria: EiTB

Kike Amonarriz. Iturria: EiTB

Zein da “Tribuaren Berbak” saioarenhelburua? Eta nondik iritsi zen euskarari buruzko saio bat egiteko ideia?

Gure asmoa euskararen eta hizkuntzen munduaren inguruko interesa piztea da, eta horretarako eduki interesgarriak, deigarriak edo ez horren ezagunak plazaratuko ditugu formatu dinamiko eta atsegin batean. Ikuslea entretenitu egin nahi dugu eduki interesgarriekin. Eta eduki interesgarriak modu entretenigarrian eskaini.

Saio bakoitzean gai bat jorratuko dugu eta gai horren inguruko aspekturik deigarrienak, interesgarrienak eta ezezagunenak plazaratuko ditugu oso modu dinamiko, erakargarri eta atseginean.

Lehen programan, esatebaterako galdera nagusi honi erantzungo diogu: “Zein da euskararen tamaina munduko hizkuntzen artean?

Hurrengo programetan, berriz, honako gai hauek jorratukoditugu: Monumentu bat euskaldun berriei, Euskarabia, Euskara gaztea eta gazteen hizkerak… Edo era honetako galderak erantzuten saiatuko gara:

Zeintzuk dira Euskal Herrian gehien hitz egiten diren hizkuntzak? Ba al zenekien, euskara, gaztelera eta frantsesaz gain, badela Euskal Herrian mendez mende transmititu den beste hizkuntza bat? Nola saldu euskaraz?, Euskara sexista al da? Nola dago euskararen botila, erdihutsa ala erdibetea?

Nori dago zuzenduta “Tribuaren Berbak” saioa?

Publiko zabalari zuzenduta dago eta edozeinek ikusi, ulertu eta gozatzeko moduko saioa izango da. Horixe da, hain zuzen ere, gure helbururik nagusiena, beren burua euskararen edo hizkuntzen mundutik urruti ikusten direnengana ere iristea.

“Tribuaren Berbak” atala Mihiluzen egin zen ezaguna. Antzekotasunik izango al du saioak Mihiluzerekin?

Bi saioak oso desberdinak dira. “Mihiluze” lehiaketa zen eta hau kaleko erreportaje ensaioa izango da. Baina bietan badago oinarrizko abiapuntu bat: euskararekiko maitasuna eta hizkuntzarekiko atxekimendua eta hizkuntzarekin gozatzeko gogoa ikusleekin partekatu eta zabaltzea.

Hori dela eta aukeratu dugu programarentzat “Mihiluze”ko proba baten izena. Lotura emozional hori nabarmentzeko (saio honetan arituko garenon artean gehienak “Mihiluze”n aritutakoak gara) eta orduan bezala, oraingo honetan ere ”Tribuaren berbak”jasoko ditugulako, oso modu desberdinean izango bada ere.

Nortzuk izango dira saioko protagonistak? Saioan euskarari buruzko galderak egingo dituzue. Zer nolako galderak izango dira?

Saioan era guztietako pertsonak entzungo dira: adituak eta lanean ari direnak, pertsona ezagunak eta kaleko ahotsak, alfabetatuak eta ikasten ari direnak, helduak eta gazteak, Euskal Herrikoak eta Euskal Herritik kanpokoak, gizonak eta emakumeak,… Tribu osoaren berbak entzungo dira.

Programa bakoitzean jorratuko dugun gaiaren inguruko galderak edo jolas-inkestak egingo ditugu kalean. Eta bestetik, ikusleek bidalitako galderak erantzuten saiatuko gara.

Asteazkenean izango da lehendabiziko saioa. Zer ikasiko du ikusleak lehendabiziko saio honetan?

Lehen esan bezala, “Euskararen tamaina” izango da gai nagusia. Eta zehazki galdera honi erantzuteko eskatu dugu kalean: munduko 7.000 hizkuntzen artean, zein lekutan dago euskara 0tik 10erako eskala batean, hiztun kopuruaren arabera?… Eta horrekin batera beste honi: zenbat gara euskaldunak munduan?

Horretarako, barreiatuta dauden datuak bildu ditugu eta euskaldunak zenbat garen jakin ondoren, munduko hizkuntzen artean zein lekutan gauden argituko dugu.

Ibilbide honetan adituen iritziak eta arituen esperientziak entzungo ditugu. HUHEZIkoi rakasle eta Garabideko kide den Jon Sarasuarekin izango gara, baita euskarak egin duen bidea aztertzen ari diren ordezkariekin, nasa eta kurduekin ere Gasteizko “Badubada” erakusketan eta bertan, “euskara ikastea zaila ote den” galderarekin egingo dugu topo eta galdera honen erantzunaren bila Madrila joko du. Han Carlos Cid madrildarra ezagutuko dugu, euskara ikasi ez ezik, Madrilen euskaraz bizi den irakaslea. Eta berak argituko digu zalantza, Retiron dagoen Aingeru Eroriaren, alegia, deabruaren, estatuaren azpian. Eta zergatik estatua honen azpian? Bada leiendak dioenez deabruak zazpi urte egin zituelako EHan eta ez zelako gai izan ez eta bai ikasteko baizik… Baina mito hori egia ala gezurra da? Carlosek argituko digu.

Madrila joan behar genuela aprobetxatuz, madrildarrei galdetu diegu kalean ea inoiz euskararik entzun ote duten edo euskarazko hitzen bat ba ote dakiten… Eta erantzunen batekin seguru harritu egingo zaretela.

Bestalde, UNESCOren hizkuntzen sailkapenean euskara non dagoen azalduko digu Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedraren koordinatzailea den Itziar Mendizabalek.

Astero gurekin izango ditugun Lekeitioko Aitor Abaroa, Ezpeizeko Argitxu Camus eta Gasteizko Ane Pedruzo gure berriemale bereziek euren inguruaren berri emango digute. Eta kaleko jendeak ere izango du bere txokoa saioan, euren iritzi eta erantzunekin, eta euskalki eta euskara hitz egiteko era ezberdinekin.

Eta hau guztia sorpresa gehiagorekin hornituta.

Nola ikusten duzu euskararen etorkizuna?

Ilusioz ikusten dut. Iruditzen zait Euskal Herriak bere hizkuntzaren alde azken hamarkada hauetan egin duen ahalegina sekulakoa izan dela, hutsuneak hutsune eta oztopoak oztopo. Baina iruditzen zait fase baten amaieran eta beste baten hasieran gaudela.

Eta orain arte lortutakoa finkatzeko eta zabaltzeko urrats berriak eta sendoak eman behar direla: euskararen ezagupena eta transmisioa bermatu behar dugu hurrengo belaunaldietan, hizkuntzaren babes legala lortu Nafarroan eta Iparraldean, erabilera esparruak zabaldu eta sendotu. Eta ahalik eta atxikimendu eta adostasun sozialik zabalena lortu euskararen inguruan, horixe izango baita gure indargunerik nagusiena.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *