Tag Archives: Glam Metal

Egun bat Musikan: AXL ROSE

Axl Rose, Guns and Roses taldearen abeslaria eta liderra 1962ko otsailaren 6an jaio zen Lafayette hirian, Indianan. Haurtzaroan tratu txarrak eta abusu sexualak jasan zituen etxean eta ahal izan zuen bezain laister, 18 urte betetzear zituela, alde egin zuen etxetik.  Autobusa hartu eta kilometroak eta kilometroak egin zituen asfaltuzko oihanera iristeko: Los Angeles.

Guns N’ Roses 80ko hamarkada hasieran eratu zen, hiriko beste bi taldetako kideek, LA Guns eta Hollywood Rose taldeetako kideek proiektu berri batean bat egitean. Taldeak aurkeztu zuen punk rock eta glam ukituko heavy metal nahasketak harrera beroa izan zuen garaiko amerikar gaztetxoen artean eta pixkanaka pixkanaka Guns & Roses milaka eta milaka gazteren talde kuttunena izatera heldu zen.  Axl Rose 80ko hamarkada amaierako pop ikono erakargarrienetako bat izanik, Europako, Estatu Batuetako, Kanadako, Australiako eta munduko beste hainbat bazterretako musika aldizkarien portada izan zen eta taldeak MTV-ko video clip ikusienetako batzuk antzeztu zituen.

90eko hamarkadako grunge mugimenduaren etorrerarekin batera, ordea, taldearen musika zaharkitua gelditzen hasi zen. Nerabeek ez zituzten euren arrebek entzuten zituzten maitasun baladak entzun nahi. Nirvana zen musika korronte berri baten sorrera eta eztanda iragartzen zituen talde eta Guns and Roses iragandako garaien isla baino ez zen jada.