Egun bat Musikan: LOU REED

Lou Reed, The Velvet Underground taldearen abeslaria zein konposatzaile nagusia eta rock alternatiboaren historiako egile garrantzitsuenetako bat, New Yorkeko judutar famili batean jaio zen 1942ko martxoaren 2an.

Haur bakartia izan zen eta nerabe berezia. Gaztetxotan elektroshock terapia bitartez deskarga elektrikoak eman zizkioten bere ustezko jarrera homosexuala aldatu ala zuzentzeko. Siracusako Unibertsitatean egin zituen filologia ingelesean goi mailako ikasketak eta han ezagutu zuen Delmore Schwartz idazlea. Honen literatur solasaldiek bultzatu zuten Lou Reed gaztea bere lehen abestiak eta olerkiak idaztera. Unibertsitatean egon zen sasoi hartan aurkeztu zuen, ere, irrati txiki batean, berak prestatutako musika programa. Irratsaio honetan bere disko kuttunenak jartzen zituen: doo wop, R&B eta jazz musika (Cecil Taylor, Ornette Coleman etab).

New Yorkera itzultzean, Pickwick diskoetxerako hasi zen lanean, kantak konposatzen eta letrak idazten eta gutxira sortu zuen John Cale, Sterling Morrison eta Mau Tucker musikariekin batera The Velvet Underground taldea. Rock experimentala egiten zuten talde hau Andy Warhol pop art maisuaren belarrietara iritsi zen eta honek promozionatu zituen, bere Factorian biltzen ziren beste hainbat aktore, musikari, modelo, argazkilari eta artista bezala.

1970ean berak sortu zuen taldea utzi eta bakarlari gisa aurkeztu zen. Drogen gehiegizko kontsumoak, bere abestietan ukitzen zituen errealitate ilun eta konplexuek, eta bere aurkegi serio zein kopetilunak, New Yorkeko rock-aren "enfant terrible"-a bihurtu zuten. Bere aurkezpen diskoaren ondoren iritsi zen bere lehen lan esanguratsu eta arrakastatsua,  1972ko Transformer. David Bowie-k eta Mick Ronson-ek ekoiztutako lan honek abeslariaren ibilbideko kanta arrakatsuenetako batzuk aurkeztu zituen: "Vicious", "Perfect Day", "Walk on the Wild Side", "Satellite of Love"…Gaur egun, Lou Reed-ek 20 disko baino gehiago ditu merkatuan, hauetako batzuk rock disko itzelak, eta XX.mendeko rock musikaren bilakaeran eragin eta garrantzi gehien izan duten musikarien artean aipatu ohi da.

1 thought on “Egun bat Musikan: LOU REED

Leave a Reply to djfredse Cancel reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *