Roger Miller, 60ko hamarkadako country musikaren showman arrakastatsuenetako bat, 1936ko urtarrilaren 2an jaio zen Texas-en. 2 urte betetzear zituela, aita hil zitzaion eta amak Oklahomako izeba baten arrantxora bidali zuen. Han igaro zituen bere haurtzaroa eta nerabezaroa, amarengandik eta bere 2 anaiengandik urruti, Armelia eta Elmer izeba-osaben etxean.
Roger Miller berak kontatu ohi zuenez, bere haurtzaroa gogorra izan zen. Eskolara joan ordez, familiaren kotoi zelaietan egiten zuen lan, askotan, eta halere, izebak eta osabak gorriak ikusi zituzten Depresioak utzitako gose urteak arintzeko. Gaztetxotatik bere amets bakarra country musikaria bihurtzearena zen eta goiz hasi zen ukelelea, gitarra, pianoa, biolina eta bateria bezalako instrumentuak jotzen. 17 urterekin gitarra bat lapurtu ondoren, zigor bezala 2 aukera eman zizkioten, biak ere neurriz kanpokoak: kartzela ala ejertzitoa. Roger Miller-ek armada aukeratu zuen eta uste baino lehen zen, itsasontzi batean Koreara bidean . Urteetara hitz hauxek esango zituen: "My education was Korea, Clash of 52".
Gerratik itzultzean, Nashville-rantz abiatu zen, RCA estudioetan froga bat eginez Chet Atkins-entzat. Abeslariak ez zuen, tamalez, froga hau gainditu baina ez zuen, ere, etsipenak hartu eta hirian gelditu zen, bertako hotel batean lantxo bat aurkitu ondoren. Gutxira hasi zen Minnie Pearl, Faron Young eta Ray Price bezalako musikarien taldeetan jotzen eta Ernest Tubb, Jimmy Reeves eta George Jones abeslariek bere hainbat kanta grabatu zituzten urte haietan. Roger Miller-en lehen singleak, berriz, 50eko hamarkada bukaeran izan ziren argitaratuak baina 1965eko "King of the Road" single-a kaleratu arte, ez zen nazio mailako izar bat izatera iritsi.
Bere novelty umoretsuek, garaiko country swing musikaren showman aipagarrienetako bat bezala aurkeztu zuten eta honek erraztu egin zion telebistarantz bidea. Komedia ukituko saioetan eta haurrei zuzendutako programetan ohiko gonbidatua izan zen urteetan eta lan handia egin zuen, ere, telesailetarako eta marrazki bizidunetarako kantak konposatzen eta grabatzen. 1985ean, estreinako aldiz, Broadway-rako konposatutako antzezlan musikal bat aurkeztu zuen, hain zuzen ere, Mark Twain idazlearen The Adventures of Huckleberry Finn eleberriaren moldapen txalotua, bai kritikariek baita entzuleek ere biziki goraipatu zutena. Roger Miller 1992an hil zen, 56 urte zituenean.