Egun bat Musikan: Donna Summer

 

1948ko abenduaren 31an Donna Summer jaio zen. Boston hirian sortu zen Disco Musikaren Erregina deitua izan dena. LaDonna Andre Gaines izena jarri zioten gurasoek. Zortzi urtekin elizan hasi zen abesten. Behin baino gehiagotan adierazi duenez, txikitatik norbait izango zela, ospea ezagutuko zuela, sentitzen omen zuen.

  

 Gaztetxotan, Crow izeneko talde bateko kide izan zen: kide beltz eta emakumezko bakarra bera zen.Hemezortzi urte betetzean, New York hirira joan zen eta Broadwayko hainbat produkziotan esku hartu zuen. Hair musikalean lanean ari zela, Europara etorri zen. Vienna hainbat urte igaro zituen eta egonaldi honetan aldatu zuen bere abizena. Helmut Sommer aktore austriarrarekin ezkondu zen eta haren deituraren bertsio anglifikatua bere egin zuen. Europa iparraldean ezagutu zituen Giorgio Moroder eta Pete Bellotte ekoizle eta egileak. Haiek idatzitako Love to Love You Baby (1975) arrakasta internazionalerako jauzia izan zen Donna Summer-entzat. Kanta honen interpretazioan erakusten duen sentsualitatea bere estiloaren ezaugarrietako bat bilakatu zen. Gainera, beste diva batzuek ez bezala, bere hit askoren konposizioan ere esku hartu izan du. Hasieran jarri dugun bideoan, I Feel Love (1977) abesten ikus dezakegu Donna Summer. Kanta hau bere ibilbideko unerik gorena izan zen. Giorgio Moroder-ekin batera konposatua, kanta hipnotiko hau aurrerapausu haundia izan zen disco musikaren baitan. Entzun daitekeen akonpainamendu musikal bakarra sintetizadoreena da, pop musikaren historian lehendabiziko aldiz. I Feel Love, Donna Summer-en ibilbidean, esan bezala, eta musika elektronikoan, orohar, mugarria izan zen.

(Eitbcomen Donna Summer-i buruzko tarte hau entzun dezakezu)

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *