Egun bat Musikan: DEL SHANNON

1934ko abenduaren 30ean jaioa, Del Shannon abeslari estatubatuarra Beatles aurreko urteetako musika izar arrakastatsuenetako bat izan zen.  Bere balada tristeek pop zerrenden gailurrean kokatu zuten; bai Estatu Batuetan baita Erresuma Batuan, ere, oihartzun handia lortuz.

Hank Williams-en kantak entzuten koxkortu zen musikari honek 1961ean egin zuen jauzia amerikar irratietara, "Runaway" izeneko estreinako singlea kaleratu zuenean. Balada honetan, jada, abeslariaren falsete bereizgarria nabarmendu zen baita teklatuari itsatsitako Musitron sintetizadorearen soinu berritzailea ere. Kanta, maiteminez negarrez dagoen gizon baten samina islatzen duena,  Estatu Batuetako pop single salduenen zerrendako lehen posturaino iritsi zen. 1961etik, 1964ra, gutxi gorabehera, Del Shannon sasoi hartako abeslari famatuenetako bat izan zen Atlantikoaren bi aldeetan. Beatlemaniak eztanda egitean, ordea, bere ibilbidea gainbehera joan zen, beste askorenak bezalaxe.

Del Shannon-ek maiteminari abestu zion batik bat; kondairak dionaren arabera, gaztetxotan izan zuen bizipen mingarri baten ondorioz. Dirudienez, eskola garaian, ikasturte amaierako dantzaldira gonbidatu zuen bere gustukoa zen neska bat, baina neska honek ezezkoa eman zion, azken orduan, bikotekide altuago eta ederreagoa aurkitu baitzuen. Gertatutakoak, horrenbesteko mina egin zion, saminez eta traizio hitzez jositako maitasun istorioak edo desamodio istorioak idatzen eta abesten hasi zela. 

 

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *