Egun bat Musikan: TIM HARDIN

Tim Hardin kantautore amerikarra, "If I were a carpenter" eta "Reason to believe" abestien egilea, 1941eko abenduaren 23an jaio zen Oregon-en, Amerikako Estatu Batuetan.

Eric Jacobsen izan zen, The Loving Spoonful taldearen ekoizlea, Tim Hardin gaztearen ohizkanpoko sentsibilitateaz eta talentuaz jabetu zena eta bere lehen diskoa, 1966ko Tim Hardin 1 grabatzera bultzatu zuena. Blues eta folk doinuen eraginpean mugitu zen musikari honen talentua ukaezina izan zen: melodiak sortu eta josteko sen handia azaldu zuen beti eta bere abestietan poesia hitzak arnastu ohi zituen. Halere, interprete bezala, zuzeneko saioetan edo kontzertuetan ez zuen horrenbesteko gaitasunik agertu eta bere abesti gehienak, beste artista batzuen moldapenetan iritsi ziren  pop zerrenden gailurretara. 1966an, esateko, Bobby Darin abeslariak Estatu Batuetako pop single salduenen zerrendako lehen 10 abestien artean sailkatzea lortu zuen "If I were a carpenter" abestiaren moldapenari esker eta Rod Stewart-ek lau haizeetara zabaldu zuen "Reason to believe" izeneko balada, 1971ko Every picture tells a story diskoan.

Tim Hardin folk kanta egileak ez zituen disko asko argitaratu eta 1973tik aurrera, bere ibilbide profesionala baita bere bizitza pertsonala, ere, maldan behera abiatu zirela esan dezakegu, drogen gehiegiko kontsumoak jokoz kanpo utzi baitzuen. 1980an, azkenik, gaindosi baten ondorioz hil zen 39 urte baino ez zituenean.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *