Egun bat Musikan: Walls and Bridges (John Lennon)

1974.urteko azaroaren 17an, John Lennon izan zen estatubatuar diskorik arrakastatsuenen zerrendako protagonista. Izan ere, egun hartan zerrenda horretako goren mailara iritsi baitzen Walls and Bridges bildumarekin. Urte hartako urrian kaleratu zuen disko hau Beatle ohiak. Hilabete horietan parranda-lagun izan zituen Elton John eta Harry Nilsson, besteak beste, diskoko kolaboratzaileak izan ziren. Sasoi hura Asteburu Galdua bezala ezagutzen da Lennonen biografian. Izan ere, Yoko Ono utzi eta New Yorketik Kaliforniara joan zen bizitzera delako Asteburu Galdu horretan.

  

Urte t’erdi iraun zuen asteburu luze horrek. Egunak eta gauak bereizten ez zituzten parranden sasoia izan zen hura baina baita emaztea faltan botatzearena, bilduma honetako What You Got edo Bless You bezalako kantek adierazten duten bezala. John Lennonek Yoko Onoren kolaboraziorik gabe grabatu zuen azken bilduma izan arren, beste emakume bat izan zuen garai hartan bere aldamenean: May Pang, bikotearen laguntzailea lanetan aritu zen neska, Asteburu Galduan bere maitale bilakatu zena. Number Nine Dream kantan, Johnen ondoan, xuxurlatzen entzun dezakegu. Musikariaren bizitza pertsonala ordena gutxikoa izan zen Walls and Bridges grabatu zuen sasoian, eta bilduman ere desoreka hori islatzen da: mami gehiegirik gabeko kanten ondoan, Beef Jerky edo Ya Ya, esaterako, oso momentu gogoangarriak batu baitzituen: Whatever Gets You Through the Night edo aipatutako Number Nine Dream eta What You Got, besteak beste.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *