Egun bat Musikan: All I Wanna Do

1994.urteko udan, Sheryl Crow bakarlaria Estatu Batuetako irrati guztietako erregina bilakatu zen. Handik gutxira, azaroaren 5ean, hain zuzen ere, Erresuma Batuko arrakasta zerrendetako lehenengo postura egin zuen jauzi, All I Wanna Do kantarekin. Sheryl Crowen lehenengo bildumako kanta dugu hau. Diskoa, berriz, Tuesday Night Music Club deitzen da. Izenburuak astearte gaueko musika kluba esan nahi du. Izan ere, asteartero musika jotzeko eta garagardoa edateko elkartzen zen lagun taldearekin burutu baitzuen bilduma hau.

  

Rock klasikoaren ildoa jarraitzen du bertan eta, aldi berean, oso 90.hamarkadako produktua da. Batez ere, bere kanten hitzak erreferentziaz jositako poesiak baitira, ideia-asoziazio ugaridunak, sasoi hartan modan zegoen eran. Oso debut diskografiko arrakastatsua, Sheryl Crowena. Hala ere, All I Wanna Do baino lehenago, urte asko eman zituen abeslari gisa eta aukera baten zain. Michael Jacksonen, Stingen edo Don Henleyren kontzertu-biretan koruan abesten aritzen zen. Hainbat Grammy irabazi zituen Tuesday Night Music Club bildumari eta All I Wanna Do kantari esker. 90.hamarkadako rock komertzialeko izarrik nagusiena bilakatu zen, horrela, Sheryl Crow.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *