Egun bat Musikan: THE LAST WALTZ

Martin Scorsesek 1977ko azaroaren 4an aurkeztu zuen New Yorken, The Band talde kanadarraren azken kontzertuaren inguruan egindako film dokumentala. Pelikula hau The Last Waltz, Azken Valsa izenburuarekin estreinatu zen.

The Band taldeak, San Francisco hiriko Winterland Ballroom aretoan eskaini zuen azken kontzertu hau, 1976ko Thanksgivin egunean. Kontzertuan folk rock eta country rock musiken historian garrantzi handia izan duten hainbat musikarik hartu zuten parte baita lagun zaharrek eta izar handiek ere: Muddy Waters, Neil Young, Bob Dylan, Neil Diamond, Paul Butterfield, Joni Mitchell, Dr John, Eric Clapton, Ringo Starr, Van Morrison, Ronnie Wood eta Ronnie Hawks besteak beste. Azken hau, The Band taldeko musikariei euren lehen aukera garrantzitsua eman zien gizona izan zen, bere talde laguntzailean jotzeko hartu baitzituen, erabat ezezagunak ziren sasoian. The Hawks taldea, The Band taldearen abiapuntua izan zen.

Dokumentalak, kontzertuan jasotako irudiez gain, Scorsese berak The Band taldeko kideei egindako hainbat elkarrizketa aurkeztu zituen baita estudioan grabatutako irudi sorta bat ere. Estreinaldiaren osteko egunean, kritikari eta musika kazetari gehienek laudorioz bete zuten Martin Scorseseren lan berria, inoiz rock talde bati buruz eta zehazkiago, rock kontzertu baten inguruan, egin zen lan onena bezala aurkeztuz.

Scorsesek 2 orduko film honetan, 16 urteko ibilbidea laburbildu zuen, country rock musikaren historiako talde onenetako baten bizitza.

The Band taldeko kideak:

Robbie Robertson

Rick Danko

Levon Helm

Garth Hudson

Richard Manuel

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *