Egun bat Musikan: Lynyrd Skynyrd

1977.urteko gaur bezalako egun batean, urriaren 20an, XX.mendeko rockaren historiako tragedia haundi bat gertatu zen: Lynyrd Skynyrd taldeko hiru kide, Ronnie van Zant abeslari nagusia barne, eta beraien managerra, hegazkin istripuan hil ziren. Istripua izan zutenean, taldeak Street Survivors bilduma kaleratu berria zuen. Diskoaren azaleko argazkian, taldekideak sugar artean agertzen ziren. Ezbeharraren ostean, sugarrak kendu eta atzealde beltz bat jarri zuten haren ordez. 30 urte beranduago, dena den, ondoan ikus dezakegun bezala, sugar eta guzti argitaratu zen.

  

Lan horretako That Smell kantaren hitzei, ezbeharra gertatu zenean, (besteak beste, “Heriotzaren usainak inguratzen zaitu” eta antzeko esaldiei), esangura ilunagoa eta, zoritxarrez, erreala gehitu zitzaien. Urte hartako udan, Aerosmith bandaren hegaldietako lantaldeak Lynyrd Skynyrd-en hegazkin hau erabiltzea pentsatu zuen eta hura ikuskatzen aritu zen. Dena den, ez abioia bera ezta tripulazioa ere ez omen zitzaien fidagarriegia iruditu. Lynyrd Skynyrd-eko ahots-taldeko kidea zen Jojo Billingsleyk esan izan duenez, aurreko gauean hegazkin-istripuarekin amets egin zuen eta taldeko beste kide bati telefonoz deitu omen zion hegazkina har ez zezaten eskatzeko. Istripuaren berri izatean jasan zuen shock-aren ondorioz, ilea eta guzti erori zitzaion. Kontuak kontu, 1977.urteko urriaren 20ko hegazkin-istripu tragikoaren ostean, Lynyrd Skynyrd banatu egin zen eta rockak hiru izar galdu zituen betirako. Kasu hauetan esan ohi den bezala, beraien musikak behintzat gurekin dirau.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *