Egun bat Musikan: MARV JOHNSON

Marv Johnson abeslari afroamerikarra Detroit hirian jaio zen 1938eko urriaren 15ean. Rhythm and blues eta soul doinuak abestu zituen gizon hau izan zen Tamla diskoetxearen lehen singlea grabatu zuena.

Tamla Motown diskoetxearen aparteko historiari hasiera eman zion abestia "Come to me" izenekoa duzue. Marv Johnson berak eta Berry Gordy-k konposatutako kanta hau 1959eko urtarrilean izan zen argitaratua eta United Artists arduratu zen singlearen nazio mailako distribuzioaz. " Come to me" Estatu Batuetako pop arrakasten zerrendako 30.posturaino iritsi zen eta Rhythm and blues zerrendetan, berriz, 6.postuan sailkatu zen.

Lehen arrakasta honen ondoren, Marv Johnson musika afroamerikarraren ahots famatuenetako bat bihurtu zen eta Sam Cooke zein Jackie Wilson bezalako abeslari handiekin alderatu zuten. 1959tik, 1961era hit ugari izan zituen, "You’ve got what it takes" eta "I love the way you love me" Top Ten amerikarrean sailkatu zirelarik. 60ko hamarkadan aurrera, ez zuen horrenbesteko oihartzuneko abestirik grabatu baina  konposizioaren arloan eta ekoizpenean ere emaitza bikainak lortu zituen eta ez zen inoiz eszenatokietatik jaitsi. Bere ibilbidea Motown diskoetxearen ibilbideari uztarturik egon zen beti.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *