Egun bat Musikan: PARANOID 1970 UK Nº1

1970eko urriaren 10ean Black Sabbath taldearen estudioko bigarren diskoa, Paranoid,  Erresuma Batuko disko salduenen zerrendako lehen postuan sailkatu zen.

Komunikabideen babesik lortu ez arren, diskoa Erresuma Batuko eta Estatu Batuetako pop arrakasten zerrendetako lehen postuetaraino iritsi zen eta "Iron Man", rock-aren historiako riff ezagunenetako bat duena, zein "Paranoid" single arrakastatsuak izan ziren Atlantikoaren bi aldeetan.

Rock-a eta metala galdatuz, Ozzy Osbourne-n taldeak soinu primitibo eta indartsuko disko itzela grabatu zuen, ondorengo urteetako rockaren bilakaeran berebizikoa izango zena,  heavy metal-aren oinarriak ezarriz. Diskoan aurkezten zaizkigun abestiek letra ilun eta ezkorrak dituzte. "Paranoid" abestiak esateko, paranoiko baten delirioetan murgiltzen gaitu eta War Pigs (Gerraren txerriak) izeneko abestiak, aldiz, mundua gobernatzen duten politiko eta militarren aurkako kritika zorrotza egiten du. Diskoko beste abestiek, ere, ildo honi jarraituz, gizakiaren alde ilunenak azaleratzen dituzte, esperantzarik gabeko mundu bat islatuz. Heriotza, beldurra, mendekua eta etsipena dira nagusi gizaki alienizatu eta narkotizatuen mundu horretan.

Paranoid, Black Sabbath britainiarren musikaren gailurra izateaz gain, XX.mendeko disko onenetako bat ere bada, eragin nabarmena izan duena 70eko hamakadaz geroztiko musikari eta taldeengan ere.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *