Egun bat Musikan: JOHNNY KIDD

Johnny Kidd abeslari britainiarra 1966ko urriaren 7an hil zen auto istripuan 26 urte zituenean.

The Pirates taldearen ahots nagusia eta burua, Beatles aurreko R&R eta R&B britainiarren  irudi nagusietako bat izan zen. 1959ean, Johnny Kidd & The Pirates taldearen estreinako singleak, "Please don’t touch" izeneko kantak, pop arrakasten zerrendetako 26.lekua eskuratu zuen eta honek Erresuma Batuko areto eta eszenatoki garrantzitsuenetaraino bideratu zuen taldea.

Kondairak dioenaren arabera,  Johnny Kidd-ek taldearen entseguetako batean galdu zuen bere eskuineko begia. Baxua afinatzen ari zela, soketako batek salto egin eta bete-betean eman zion begian. Orduz geroztik, ez zuen agerraldirik egin begiko partxe barik. Eszenatokian ere pirata mozorroarekin azaltzen zen, gertatutakoa umore eta trebetasun handiz ezkutatuz.

Johnny Kidd & The Pirates, 50eko hamarkada amaierako rock and roll eta rhythm and blues britainiarren ordezkari aipagarrienetako bat izan zen, doinu hauek landu zituen talde esanguratsuenetako bat eta taldeak grabatu zituen abestiak eragin handikoak izan dira ondorengo belaunaldietako rock taldeentzat. Goraxeago aipatutako "Please don’t touch" eta "Shaking all over", esateko, hainbat eta hainbat taldek bertsionatu dituzten klasikoak dira.  Aipagarria da ere, talde hau beat britainiarraren aitzindari bezala aipatu ohi dela eta taldearen musika berebizikoa izan zela 50eko hamarkada erdialdeko skiffle taldeetatik, Beatles taldearen pop iraultzara zubi lana egiteko orduan.

 

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *