Egun bat Musikan: Johnny O’Keefe

1978.urteko urriaren 6an Johnny O’Keefe hil zen. Gure gaurko protagonista Australiako lehendabiziko rock izarra izan zen. Bera izan zen lurralde urruna rockanrollaren mapan jarri zuen lehendabizikoa. Bere kantetatik batek izan du nolabaiteko oihartzun internazionala denbora pasa eta gero: The wild one klasikoaz ari gara. Abesti honen beste bertsio oso arrakastatsua Iggy Popek grabatu zuen 1987.urtean Real wild child izenburupean. Johnny O’Keefe berari ere The wild one, hau da, Basatia, esaten zioten kantaren arrakastaren ondorioz. Basatia izan zen eta baita tematia ere. 1950eko hamarkadan australiar promotoreen interesa estatubatuar musikariengan zen. Hala ere, O’Keefek bere asmoa argi zeukan eta aukera bat noiz lortuko ematen zioten egunak, baita Lee Gordon promotorearen bulegoaren ate aurrean, espaloian eserita, esan bezala, aukera horren zain. Bill Haley and the Cometsen australiar tour-ean esku hartzeko parada izan zuen, azkenean, gure protagonistak. Berak ondo aprobetxatu zuen eta bere kantak Australian ezagunak egin ziren. Hurrengo pausua, noski, Ameriketara joatea izan zen.

  

Diotenez, O’Keefe bere lehenengo irabiako amerikar benetakoa hartzen ari zela, Liberty Recordseko exekutibo bat hurbildu zitzaion eta australiarrak aldean zeraman Shout bere singlea erakutsi zion. Amerikarrari gustatu egin zitzaion eta horrela lortu zuen O’Keefek bere lehenengo kontratu estatubatuarra. 60.hamarkadan bere arrakastak beheruntz egin zuen baina berak gogor jarraitu zuen lanean, bere kontzertu birekin eta bere lana ezagutzera emateko hainbat marketing estrategiarekin. Aurpegia orbainekin markatua utzi zion auto-istripuak ere ez zuen gelditu. Ezta Beatles belaunaldiak ere. 1978.urteko urriaren 6an heriotzak botiken ustekabeko gaindosi baten itxuran harrapatu zuenean ere, bere negozioak eta kontzertuak hedatzeko planak egiten ziharduen.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *