Egun bat Musikan: Pass the dutchie

1982.urteko urriaren 2an, argazkian ikusten dugun mutiko talde hau, Musical Youth britaniar musika-talde gaztea hain zuzen ere, bere sorterriko single arrakastatsuenen zerrendako lehenengo postuan zen Pass the dutchie euren hitarekin. 70.hamarkada amaieran osatu zen Musical Youth, eta Jackson 5 bezala, familia giroko taldea zen. Batetik, Waite anaiak zeuden eta bestetik, Grant-darrak. Waite aitak erakutsi zien bere bi semeei eta baita bere lagunaren semeei ere musika-tresnak jotzen.

  

Hasiera batean, Frederick Waite (aita) izan zen taldeko abeslaria –bazuen horretan esperientzia Freddiek, Jamaicako The Techniques taldeko kide izan baitzen bere sasoian-, baina egokiagoa iruditu zitzaion ahots gazteago bat izatea taldeko abeslari nagusia. Dennis Seatonek bete zuen azkenean leku hori. Musical Youthen kantarik ezagunena Pass the dutchie izan zen baina gero ere kaleratu zuten lan gehiago. Hala ere, 1985ean desegin egin zen taldea. Pass the dutchiera itzuliz, pop-reggae kanta apartekoa da. Mighty Diamond’s taldearen Pass the kouchie hitaren bertsioa da. Musical youthen kasuan, izena aldatu zuten eta “kouchie” esan beharrean, “dutchie” esaten dute. Izan ere, “kouchie” hitzak marihuana porrua esan nahi baitu eta hitza bere horretan uzteak kantaren debekua ekar baitzezakeen. Kelvin Grant gaztetxoaren errezitatua, reggae eta antzeko estiloetan toast deituriko rapeatzeko era hori, alegia, ederra izateaz gain, eraberritzailea ere bazen. Ordura arte, toaster-ak eta abeslariak ez baitziren elkarrekin aritzen, eta Musical Youthek estilo berria bultzatu zuen. Ondorengo urteetan, reggae talde beterano ugarik jarraitu duten aipatutako pop-reggae-aren bidea zabaldu zuten.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *