Egun bat Musikan: The Twist

Irudiotan The Fat Boys hirukoak 80.hamarkadan burutu zuen The Twist kantaren bertsioaren bideoklipa ikus dezakegu. Beraiekin batera azaltzen den trajedun tipoa Chubby Checker da, 1962.urteko irailaren 19an, kanta honen bertsioarekin Estatu Batuetako single-ik arrakastatsuenen zerrendako lehenengo postura iritsi zen bakarlaria. Twistaren bidez ezagun bilakatu baino lehen, Chubby Checker-ek oilaskoei lumak kentzen egin zuen lan eta lantoki hartan ere bere kantek eta txisteek giroa animatzen zuten. The Twist baino lehenago The Class izeneko kanta kaleratu zuen, baina hit txikia izan zen hura. Berez Hank Ballard-en b alde bat zen The Twist izan zen Chubby Checker-en kantarik arrakastatsuena. Hala ere, The Twist ez zen kanta bakarrik izan. Abestiarekin batera, izen bereko dantza oso modan jarri zen. Mundu guztian zabaldu zen fenomenoa izan zen twista. 60.hamarkada hasierako publiko gazteak ez zuen besterik dantzatu nahi. Kritikari asko, aldiz, sutan jarri zen, probokatzaileegiak iruditzen zitzaizkielako Chubby Checkerrek modan jarritako gorputz-mugimenduak. Twistaren atzetik, beste dantza batzuk ere azaldu ziren, Mashed Potato, Monkey edo Funky Chicken delakoak, esaterako, baina, ez zuten oihartzun bera izan. Chubby Checker bera ere ahalegindu zen The twist-en arrakasta itzela beste antzeko kanta batzuekin mantentzen (Let’s twist again, esaterako) baina, egia esan, bere harribitxia hura izan zen: The Twist. 1962.urteko gaur bezalako egun batean estatubatuar arrakasta zerrendak kolpatu zituen honako kanta.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *