Egun bat Musikan: ROB TYNER MC5

Rob Tyner, MC5 (Motor City Five) taldearen abeslari izandakoa, 1991ko irailaren 18an hil zen, 46 urte zituenean, bihotzekoak emanda.

Tyner, 60ko hamarkada erdialdera eman zen ezagutara Detroit hiriko talde basati, gartsu eta gordinenetako bat izan zen MC5 taldearen frontman edo abeslari bezala. Grande Ballrom aretoan eskaini zituzten zuzeneko emanaldi indartsuek John Sinclair izeneko politika sasi-piztaile baten arreta lortu zuten eta honek eman zituen ezagutara Estatu Batuetan barrena. Sinclair, stablishment-aren aurka jarduten zen aktibista erradikala izateaz gain, kontrakultura amerikarraren lider iraultzaileenetako bat ere izan zen eta Pantera Zurien lider ezagunena. MC5 taldeko kideek, nahiz eta 60ko hamarkada bukaerako ideia iraultzaileekin bat etorri, ez zuten politikarik egin nahi, musika baizik eta John Sinclair-ekin zuten harremanak ez zuen luze iraun.

Detroit hiriko talde honek 1969 eta 1971 urteen artean kaleratu zituen bere ibilbide laburreko 3 disko bakarrak: Kick out the Jams (zuzenekoa), Back in the USA eta High Time. Azken disko honen porrot komertzialak azkartu baino ez zuen egin taldearen amaiera eta ondorengo urteetan taldekideek bide ezberdinak hartu zituzten. Esateko, Rob Tyner abeslariak Fireworks eta The Rob Tyner Band bezalako taldeak jarri zituen abian baina ez zuen inolako oihartzunik izan talde hauekin. Azkenik, eszenatokitik jaitsi eta ekoizpen arloan hasi zen lanean, arlo honetan lan txukunak egin zituelarik. 1990an, bera hil baino urtebete lehenago, Blood Brothers izeneko bakarkako estreinako diskoa aurkeztu zuen.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *