Egun bat Musikan: COSMO’S FACTORY

1970eko irailaren 12an, Creedence Clearwater Revival talde kaliforniarra Erresuma Batuko disko salduenen zerrendako lehen postuan sailkatu zen Cosmo’s Factory taldearen bosgarren diskoarekin.

2 urteko epean Fogerty anaien taldeak 5 disko argitaratu zituen eta Estatu Batuetako rock talde garrantzitsuenen artean kokatzea lortu zuen. Hau izan zen Erresuma Batuan izan zuten lehen arrakasta handia baina Estatu Batuetan  oihartzun nabarmeneko musikariak ziren ordurako eta Cosmo’s Factoryk 3 milioi ale saldu zituen herrialde honetan. Pop zerrendetan lehen postuan kokatu ziren eta R&B zerrendetan ere kontuan hartzeko 11.postua lortu zuten CCR taldeko kideek. "Looking out my back door", "Traveling band" eta "Up around the bend" amerikar pop zerrendetako bost single salduenen artean sailkatu ziren.

Cosmo’s Factory diskoan jasotako kanta guztiak John Fogerty-k konposatu zituen, diskoan datozen 4 bertsioak izan ezik: Bo Diddley-ren "Before you accuse me", Roy Orbison-entzat arrakasta handia izan zen "Ooby Dooby", Arthur Crudup blues musikariaren "My baby left me"  eta 11 minutuko moldapenean aurkeztu zuten "I heard it through the grapevine" soul arrakasta.

Diskoa San Francisco hiriko Fantasy zigiluak eman zuen argitara eta John Fogerty bera izan zen diskoa ekoiztearen arduraduna. Izenburuak berriz, taldeak entseguak egiten zituen lekuari egiten dio aipamen. Taldearen bateri jotzaileak, Doug "Cosmo" Clifford-ek, entsegu lekua esan ordez, fabrika esaten omen zuen eta hortik ei dator diskoaren izenburua: Cosmo’s factory, Cosmo-ren fabrika (lantokia).

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *