Egun bat Musikan: PETER TOSH

Peter Tosh musikari jamaikarra 1987ko irailaren 11an hil zen, 43 urte betetzear zituenean. Tiroz jo zuten bere etxera lapurtzera sartu ziren hiru gizonek. Peter Tosh eta honen hainbat lagun hil ondoren, ordea, ustezko lapur haiek ez zuten ezertxo ere eraman.

Wailers hirukoteko kide sortzailea, gitarrista bikaina eta jamaikar musikaren garapenean berebiziko garrantzia izan zuen egilea, Peter Tosh tipo deserosoa izan zen jamaikar agintarientzat baita nazioarteko diskoetxetako zuzendarientzat ere. Marihuanaren legalizazioaren aldeko ekintzaile sutsua, apartheid-aren aurka azaldu zen ozenki eta afrikar herrien duintasun zein askatasuna aldarrikatu zituen bere abestietan. Stepping Razor goitizenaz eman zen ezagutara eta aipagarria da, bere mingaina bere goitizena bezain zorrotza eta zirikatzailea izan zela. Kritika gogorrak jaurti zituen jamaikar gobernuaren aurka, agintarien ustelkeria eta korrupzioa salatuz eta bitan, behintzat, atxilotua eta jipoitua izan zen. Heriotza mehatxuak ere ohikoak izan ziren bere bizitzan zehar.

Peter Tosh-ek ska, rocksteady eta reggae musikak landu zituen eta Wailers taldearekin ibilbide luze eta arrakastatsua burutu ondoren, 1976an bere bakarkako lehen diskoa argitaratu zuen, Legalize it. Ondorengo urteetan, 1987an eraila izan zen arte, urteko disko bat argitaratu zuen gutxi gora-behera eta reggae musikaren kanta politiko garrantzitsuenetako batzuk plazaratu. 1977ko "Equal Rights" abestiak, esateko, bere esaldi errepikatuenetako bat zabaldu zuen: "Ez dut bakerik nahi, berdintasuna eta justizia baizik".

STAY RUDE & REBEL !

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *