Egun bat Musikan: You can’t hurry love

1966.urteko irailaren 10ean, You can’t hurry love The Supremes hirukoaren kantak Estatu Batuetako arrakasta zerrendak kolpatu zituen. Bi astez jarraian Atlantikoz bestaldeko Billboard pop single-en zerrendako lehenengo postuan iraun zuen Holland-Dozier-Holland hirukoak konposatutako abesti indartsu honek. The Supremes-entzat zerrendako mailarik gorena lortzen zuten seigarren aldi izan zen hura. Egia esan, 1964-1965 urteetan Motown etxeko talde honen bost kanta igo ziren lehenengo postura, bata bestearen atzetik.

  

Sasoi hartan, The Beatles-i itzalik egin zion talde estatubatuarrik bazen, talde hori The Supremes dugu. Beraien kantak pop eta soul dira, aldi berean. You can’t hurry love-n kasuan, hasieratik baxuak eta panderetak sortzen duten perkusio-lerro garbiak harrapatu egiten gaitu eta erritmoari nahigabe jarraitzen diogu kantak irauten duen bitartean. Gainera, Diana Rossen ahotsa, nahiz eta, batzutan, ekoizpen haundinahienetan ahulegi geratu, inoiz baino zintzotasun eta sentikortasun gehiagorekin azaltzen zaigu. Orohar, The Supremes taldearen –eta Motown zigiluko- abestirik bereizgarrienetako bat bilakatu zen You can´t hurry love. Rock and roll Hall of Fame estatubatuar museo ezaguneko arduradunek rockari forma eman dioten 500 kanten zerrenda iraunkorrean sartu zuten.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *