Egun bat Musikan: LAUREL AITKEN The Godfather of Ska

Laurel Aitken, ska musikaren aitabitxia, 2005eko uztailaren 17an hil zen Leicester hirian, Ingalaterran.

Cuban jaioa 1927an, aita jamaikarra zuenez 11 urteko mutikoa zenean Caribeko irla honetara joan zen bizitzera. Jamaikan ekin zion bere musika ibilbideari mento eta calypso bezalako estiloak abestuz baina 50eko hamarkadan zehar, jada, Estatu Batuetatik iristen ziren rhythm adn blues eta boogie estiloak barneratu zituen bere egitarauan. 1958an Island zigiluan argitara eman zen lehen singlea grabatu zuen, Boogie in my bones.

60ko hamarkadaren etorrerarekin batera Erresuma Batuan ezarri zuen bere egoitza berria eta ska musikaren lehen izar handien artean kokatu zen. Ingalaterrako hirietako rude boy eta skinhead gazteen artean aurkitu zuen bere entzuleri leialena eta jamaikar musikaren zabalkundean lan egiten zuten Blue Beat, Rio, Nu Beat eta Doctor Bird bezalako zigiluetan argitaratu zituen bere lan esanguratsuenak.

70eko hamarkadako ska revival-aren oihartzunak irratietara eraman zituen, berriro, Laurel Aitken musikari jamaikarraren doinuak eta berak, ere, itzulera ikusgarria egin zuen abesti berri mordoxka bat plazaratuz. Abesten eta jendeari dantza eginarazten jarraitu zuen,eszenatokian zutik, hil baino pixka bat lehenxeago arte.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *