Egun bat Musikan: DAVID HODO Village People

David Hodo, Village People taldeko abeslari eta dantzarietako bat, Kalifornian jaio zen 1950ko uztailaren 7an. Gure gaurko protagonista, etxegintzan aritzen diren langileen uniformez jantzita azaltzen da goiko argazkian, kasko, betaurreko eta lanabesen gerrikoarekin. David Hodok eta bere taldekideek 70ko hamarkada bukaerako disko musikak eman zuen talde berritzaile eta berezienetako bat osatu zuten eta taldearen kantak garai hartako arrakasta handienen artean aurkitzen dira. "YMCA", "In the Navy", "Macho Man" eta "Go West" pop single salduenen zerrendetan lehen postuetan sailkatu ziren eta taldeak gay kolektibotik kanpo ere sekulako arrakasta lortu zuen. Halere, aipagarria da, Jacques Morali ekoizle eta musikagile frantsesak sortutako talde hau, entzuleri homosexual batengan pentsatuz eratu zela eta Village People taldearen abesti, mozorro eta dantzak homosexualen ustezko gustuen arabera diseinatu zirela. 80ko hamarkadaren etorrerarekin batera new wave taldeek pop arrakasten zerrendak eurenganatu zituzten eta disko musika zaharkitua gelditu zen. Village People taldearen abesti itsaskor, dantzagarri eta alaiek, ordea, bizirautea lortu dute eta gaur egun, oraindik ere, edozein festa, karaoke, afari edo ospakizunetan entzun daitezke.  

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *