Egun bat Musikan: ALAN WILSON Canned Heat

Alan Wilson gitarjolea, Canned Heat taldeko kide sortzailea eta 60ko hamarkadako blues bildumagile garrantzitsuenetako bat, 1943ko uztailaren 4an jaio zen Boston hirian. 60ko hamarkada erdialdera, Los Angeles hirian bizi zenean jada, Canned Head blues rock taldea eratu zuen Bob Hite adiskide eta musikariarekin batera. Taldearen izena Tommy Johnson blueslariaren "Canned Heat blues" 1928ko kantari omenaldia da.

Canned Heat taldeak 60ko hamarkadako musika jaialdi aipagarrienetan hartu zuen parte, Montereyko jaialdian eta Woodstockeko jaialdian kontzertu gogorangarriak eskainiz. Halere, blues zale gutxi batzuen artean ospe handia lortu arren, taldearen musikak ez zuen gazteen gehiengoaren babesik lortu eta taldekideek amerikar pop zerrendetan lortu zuten arrakasta bakarra 1968ko Boogie with Canned Heat diskoan argitaratutako "On the road again" abestia izan zen. Disko hau izan zen, ere, Adolfo de la Parra baterijole mexikarrarekin grabatu zuten lehengoa.

Talde honetako kideek familia txiki bat osatu zuten eta taldekideen artean harreman estua zegoen. Guztiek zuten ezizen esanguratsuren bat eta ohikoak ziren taldekideen arteko txantxak. Esateko, Alan Wilson gitarjolea, betaurrekorik gabe ez zuenez ezertxo ere ikusten, Blind Owl (hontz itsua) goitizenaz izan zen batailatua. Natura eta blues musika atsegin zituen gizona, Adonis bat izatetik urruti zegoen eta emakumeek ez zioten jaramon gehiegirik egiten, honek areagotu baino ez zuelarik egin bere buruarekiko zuen segurtasun eza. Krisi sakonak eta depresioak jasan zituen sarritan eta azkenik 1970an droga gaindosi baten ondorioz hil zen 27 urterekin.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *