Egun bat Musikan: DEBORAH HARRY Blondie

Deborah Harry, Blondie taldearen abeslari ile horia, Miamin jaio zen 1945ko uztailaren 1ean. Hiru hilabete baino ez zituenean Catherine eta Richard Harry bikoteak adoptatu zuen eta ekialdeko kostaldean hazi zen, New Jersey hirian.

18 urte betetzear zituela, etxea utzi eta New Yorkera joan zen abeslari izatearen ametsa egi bihurtu nahian. Hiri erraldoi honetan nola hala biziraun zuen, era guztietako lanak eginez. Denboraldi batez esateko Playboy nesketako bat izan zen. 1973an, The Stilletos neska taldeko kide zenean ezagutu zuen Chris Stein izeneko gitarjole gaztea eta bi hauen arteko harreman pertsonaletik sortu zen Blondie taldea, post punk eta new wave amerikarraren talde esanguratsu eta arrakastatsuenetako bat izango zena. Taldeak, New Yorkeko punk mugimenduaren bihotzean ekin zion bere ibilbideari, CBGB clubean, baina berehala punk rock doinu gogorrenak alde batera utzi eta pop norabideko musika estiloak besarkatu zituzten. 1978ko Parallel Lines diskoak 20 milioi ale saldu zituen.

Bizpahiru urteko epean, Deborah Harry pop ikono bat bihurtu zen. Bere edertasunak eta femme fatale irudi erakargarri horrek txora- txoraturik zeuzkan gizonezko guztiak eta emakumeek ere gertutik jarraitzen zituzten abeslariaren ile orrazkerak eta jantzi sofistikatu zein modernoak. Musika aldizkarietako zein moda aldizkarietako lehen orriak eskaintzen zizkioten, telebistan eta zinean egiten zituen antzezlanak eta entzuleen zein kritikarien babesa zuen. Punk rock doinuetatik, disco pop doinuetara ez zegoen bera bezalako beste emakumerik.

1982an The Hunter diskoaren salmenta kaxkarrek eta Chris Stein gitarjolearen gaixotasun larriak Blondie taldearen amaiera ekarri zuten. Debbie Harryk bakarlari bezala jarraitu zuen abesten baina,  nahiz eta nahiko lan txukunak aurkeztu, ez zituen aurreko urteetako arrakasta handiak lortu. 1999an itzuli zen Europako pop arrakasten zerrendetara, Blondie taldearen itzulera iragarri zuen No Exit diskoarekin. Lan honetako "Maria" aurkezpen singleak 2 milioi ale saldu zituen eta arrakasta biribila izan zen herrialde askotan. Deborah Harry Erresuma Batuko pop arrakasten zerrendetako lehen postua eskuratzen zuen emakumezko abeslari zaharrena bihurtu zen kanta honi esker.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *