Etiketaren artxiboa: musika

Euskal abesti sexualenak

sexoUrteko lehendabiziko “Luzia eta sexua” tartea izan zuten atzokoan ‘Akabo Bakea’n.

Indartsu eta Euskal Herritik mugitu gabe eman zuten saioa ‘akaberoek’, musika eta sexua hizpide hartuta. Hain zuzen, euskal musikak eman dituen abestirik sexualenak, sutsuenak edota beroenak jarri zituzten mahai gainean. Horretarako, 2003an kaleratutako Sex’n roll diskoan oinarritu ziren.

Guztira hamazortzi kantu jasotzen ditu horrek; Doctor Deseoren, Latzenen, Ido Bihotzen, Urtzen eta Barricadaren kantuak, kasu.

Hori gutxi ez, eta entzuten dugun musikaren araberako sexua dugula ere aipatu zuen atzokoan Luziak. Horrekin lotuta, estilo bakoitzak zer nolako harremana dakarren azaldu zuen.

Musika elektronikoa, rocka eta metala dira sexu-saio arin eta bizietarako aproposenak. Dibertitzea bilatzen dutenek, berriz, hobe dute pop edo disko musika hautatzea, eta sexu tantrikoa, slow sexa edota, orohar, saio lasaiagoen aldeko apustu egiten dutenentzat musika klasikoa, jazza edo bluesa gomendatu zituzten.

Entzun hemen saio osoa.

Ipini musika zure sexu-harremanei

Musikoterapia musika modu terapeutikoan erabiltzean datza. Horren arabera, soinu bakoitzak eragin ezberdina dauka pertsona batengan. Naturaren soinuek adibidez, lasaitasuna iradokitzen dute.

Teknika honi esker osasuna, autoestimua, gogo-aldartea eta norberaren segurtasuna hobetu daitezke. Beraz, zure bikotekidea estresatuta badago eta erlaxatzeko modu baten bila bazabiltza, musika aukera paregabea izan daiteke.

Halaber, musikaren propietate guzti horiek oso erabilgarriak izan daitezke sexu-harremanak izateko orduan. Bikotekidearen sentipenak eta baita zureak ere, askoz atseginagoak izango dira; eta aukeratzen duzun musika estiloaren arabera, erritmo ezberdina izango dute zure sexu-harremanek.

Gau erromantikoa bizi nahi baduzu aukeratu maitasun abesti sorta bat. Aldiz, harreman sentsualagoak disfrutatu nahi badituzu aukeratu erritmo biziko musika. Azken batean, musikaren aukeraketa zure gustuen araberakoa izan behar da, eta baita irudimen kontua.

Lady Gaga eta Coldplay gustuko duten gazteek ez dute lehenengo zitan sexurik izaten

musicaparatirarBadirudi musikak eta sexuak uste baino lotura estuagoa dutela. Tastebuds.fm-k ikerketa bat egin berri du lehenengo zitan sexua duten pertsonek zein musika entzuten duten jakiteko eta emaitza benetan bitxiak jaso ditu.

Lehenengo zitan ezezagun batekin sexu-harremanak izateko aukerei buruz galdetu ostean, erantzunak galdekatuen musika gustuekin parekatu zituen Tastebuds.fm-k eta hauxe izan zen ateratako ondorioa:

Lehenengo zitan sexua izaten ez duten pertsonen artean, Coldplay, Adele, Lady Gaga, Katy Perry eta Kings of Leon dira talde edo bakarlari gustukoenak. Sexu-harremanetan irekiagoak diren gazteek, berriz, Metallica, Linkin Park, Kanye West eta Gorillaz bezalako taldeak atsegin dituzte.

Ados al zaude ikerketa honen emaitzarekin? Zu nolakoa zara? Zuen iruzkinak nahi ditugu!