Etiketaren artxiboa: LOTSA

“Lotsak sexu-harremanetan mugak jartzen dizkit”

Jai eguna izan arren, sexu-bloga berritu dugu, irakurle batek bidalitako zalantzari erantzunez. Hona hemen gazte honek galdetu diguna eta Olatz Berastegi sexologoak erantzun diona:

“Kaixo Olatz, Eingo al deu? blogaren irakurle bihurtu naiz duela gutxi eta nire arazoak direla eta zuri idaztea pentsatu dut.

22 urte dituen Nafarroako mutil heterosexual bat naiz (hau esaten dizut ez homosexual edo bisexualen aurkako ezer dudalako, ezta inondik ere, emakumeek soilik erakartzen nautela jakiteko baizik). Ez zaizu batere normala irudituko, baina adin honetan oraindik ere birjina naiz, eta ez nik hala nahi dudalako.

Mundu guztiarekin naiz lotsatia, baina neskekin are gehiago. Eta gustatzen zaizkidanekin, askoz ere okerrago. Lotsa ikaragarria ematen dit neskekin ligatzeak eta, hasitakoan ere, ez dut arrakastarik izaten. Ez naiz hizlari txarra baina aparta ere ez, eta dantzan kaxkarra. Fisikoki, ez naiz beste munduko ezer. 1’72, argala baina ez gihartsua.

sexo

Gainera, gurasoen etxean bizi naiz halabeharrez eta sekula ere ez da etxea niretzat hutsik egoten eta ezinezkoa zait gurasoak bertan direla neska bat eramatea. Behin ia-ia zerbait lortu nuen neska batekin, baina etxera eramaterik ez, eta beste tokirik ere ez dago herrian (ostaturen bat edo)… Horrela nola ba? Orain kotxea badut baina txikia da eta, neska bati “goazen nire kotxera” esaten badiot baiezkorik lortuko al dut? Eta… Kotxe txiki batean ezer onik egin al daiteke sexuari dagokionez…?

Nire lagunen artean, batzuek saiatzeko esaten didate. Beste batzuek iseka egiten didate erdi txantxetan. Beste batzuek, berriz, “Hoa putetara motel!” esaten didate, baina hori ere ez dut nahi, nire printzipioen aurkakoa da sexua horrela lortzea. Orain arte behintzat eutsi diot hori egin gabe, ez dakit ergela izan naizen, baina tira.

Guzti hau dela eta, ez dakit zer egin eta etsipen ikaragarriarekin nago. Niri emakumeak gustatzen zaizkit, asko, nik nahi dut, baina ezin dut. Posible al da inortxo ere ez erakartzeko modukoa izatea? Etsi eta mutilzahar batek bezala “ordaindu” egin behar al dut horretarako? Ba al du nireak erremediorik?

Eskerrik asko eta ea erantzuten didazun.”

Olatzen erantzuna:

“Kaixo, lehenengo zu lasaitzea nahiko nuke nahiz eta badakiten lasaitu esanda hori ez dela lortzen. Beraz, ea hurrengo komentarioekin lortzen dudan.

22 urterekin birjina zarelakoz ez da ezer gertatzen, ezta gehiagorekin ere. Bakoitzak gure biografia daukagu eta ezin gara besteekin konparatu, harreman sexualak izateko ez dago adina bat finkatua, gauza da dagokion momentua bizitzea, eta noski gure beharrak eta nahiak identifikatzen joatea.

Irakurri dudanez, mutil ausarta zara, zure mugak non dauden (lotsa) ezagutzen duzu eta nolako harremanak nahi dituzun (putetxera ez duzu joan nahi) badakizu, beraz, pozik egon zaitezke pertsona askok ez baitute ezagutzen beraien burua. Alde horretatik, ez eman garrantzi gehiegi birjina izateari, gauzak etorriko dira.

Zuk esaten duzu ea erakargarria izan zaitezkeen neska batentzat, eta horrekin dudarik ez izan, erakarpena ez dago lotuta gorputz mota batzuekin bakarrik, erakarpena oso gorputz ezberdinetaz sentitu dezakegu, eta gainera pertsonak ezagutzen ditugunean erakargarriagoak iruditzeko aukera handiak ditugu, eta zure lotsa ere erakargarria suertatu daiteke neska askorentzat.

Bestalde, komentatu didazu, neska batek nola erantzungo zuen zuk kotxera joateko esaten badiozu, ez ditut neska guztiak ezagutzen baina nik esango nuke hobe duzula lasai joatea, zuregatik eta beregatik. Hau da, lotsatia bazara eman zure buruari aukera neska bat gutxika-gutxika ezagutzeko, hartu konfiantza zure buruarekin, beste pertsonarekin, eta horrela ere gauzak iristen dira. Askotan antsietateak gauzak azkar egitera eramaten gaitu eta horrek ez du laguntzen. Uste dut, oso garrantzitsua dela zure prozesua eta erritmoa errespetatzea, nahiz eta zure lagunekin konparatuta ezberdina da, zurea delako. Arestian aipatu dizudan bezala, uste dut zure alde gauza asko dituzula, badakizu zer bilatzen ari zaren eta nolakoa zaren.

Ez estutu, zure buruari denbora eman, ez konparatu besteekin eta animo!

Beste zerbait nahi izanez gero lasai idatzi.

Ondo izan.”