Etiketaren artxiboa: JAZARPENA

“Nola jokatu sexu erasoen aurrean? Nora jo behar dugu?”

SEXUIrakurlearen zalantza:

“Sexu erasoen aurrean gazteok nola jokatu behar dugun jakin nahiko nuke. Hau da, sexu jazarpena jasan ezkero nora jo behar dugun eta non eska dezakegun laguntza.”

Olatz Berastegi sexologoaren erantzuna:

“Kaixo, argi eta garbi dago horrelakoak gertatzen direnean erantzukizuna egiten duenak duela, eta horrelakoak ez liratekeela gertatu behar, hau da, kaleetatik, etxean, edozein lekuetan lasai mugitzeko eskubidea eduki beharko genuke, eta noski sexu harremanak izateko garaian, norberarena da, zer, norekin eta non egin nahi dugun erabakitzeko eskubidea.

Hori horrela izan beharko litzateke, baina zoritxarrez, oraindik erasoak daude eta horien aurrean gure burua, fisikoki eta emozionalki zaindu behar dugu.

Kasu hauetan aipatu behar da, erasoez hitz egiten dugunean, hainbat aukera daudela:

1- Erasoa ezagun edo familiarteko batek burutzen duenean:
Argi eta garbi esan behar dugu, horrelako bat gertatzen denean, beste pertsona ez dugula justifikatu behar. Erasoa egiten duena ingurukoa denean, sinesgaitza iruditzen zaigu eta askotan gure buruari botatzen diogu errua.

Gure ardurak alde batera utzi behar ditugu eta gure burua erasotua sentitu dugunean, laguntza eskatu behar dugu.

Lehenengo eta behin, laguntza emozionalki ondo jasoko digun bati eskatu behar diogu ( familiarra, laguna…). Kasu hauetan, babes emozionala oso garrantzitsua da. Ondoren, lasai gaudenean, babestuta, erabaki nola jokatu erasotzailearekin, denuntzia barne hau berriro gerta ez dadin. Honetarako, beste batzuen laguntza eskatu dezakegu, herri batzuetan honen inguruan laguntza ematen duten zerbitzuak egoten dira ( berdintasun teknikariak, gizarte zerbitzuak…)

2- Erasoa ezezagun batek burutzen duenean

Arestian aipatu dudan kasuan bezala, erasoa gertatu eta berehala oso garrantzitsua da, babes emozionala jasotzea, eta horretarako konfiantza ematen digun pertsona batekin harremanetan jartzea komeni da.

Ondoren, bestearen laguntzarekin, konfiantzazko mediku batengana joan gaitezke, fisikoki nola gauden aztertzeko.
Honekin batera, lege aldetik ze nolako neurriak hartuko ditugun ikusi behar dira. Honetarako arestian aipatu moduan, herri bakoitzean ditugun errekurtsoetara jo dezakegu ( berdintasun teknikariak, gizarte zerbitzuak, osasun zentroak..)

Hori bai, ez ahaztu, askotan gure ingurua ez dela nahiko genukeen bezain segurua eta horregatik aldez aurretik neurriak hartzea komeni dela, adibidez:

-Kale batzuetan, ordu jakin batzuetan bakarrik ez ibiltzea.

-Ezezagunekin geratu behar garenean jende gehiago dagoen lekuetan geratzea.

Gure burua babesten ikastea fisikoki eta emozionalki harreman osasuntsuagoak eraikitzen laguntzen digu. Beraz ez ahaztu norbera dela zaintzaile garrantzitsuena.”