Etiketaren artxiboa: heterosexualitatea

Fantasia eta desiren artean jolasean

Errealitatea eta fantasiaren artean dantzan ibili da aste honetan ETB1eko ‘SexSua’ saioa. Imaginazioari bidea libre utzi dio Jon Gomez Garaik eta gure bizitza sexualean fantasiek duten eraginez hitz egin digu.

Mireia Cifuentes, sexologoa

Mireia Cifuentes, sexologoa

Baina zer da fantasia sexuala? Mireia Cifuentes sexologoak argitu digunez gure irudimenean sortzen ditugun istorioak dira. Guk daukagu istorio horien gaineko kontrol osoa; gertatuko dena, pertsonaiek zer egingo duten adibidez, guk kontrolatzen baitugu. Istorio horiek errealitatera eramaten baditugu, desira bihurtuko dira eta euren gaineko kontrola galduko dugu, errealitatean gertatuko dena ezingo baitugu kontrolatu.

Fantasia sexual ohikoenakMireiaren hitzetan norberak bere fantasiak eta desirak ditu, eta oso zaila da sailkapenak egitea, esate baterako, gizonen edota emakumeen fantasiei buruz aritzea. Baina euren lanean jaso dituzten fantasia ohikoenak bildu ditu eta horiei buruz galdezka ibili dira Jon eta biak kalean. Mutila izan eta emakumez jantzi nahi izatea, hirukotean sexua praktikatzea, leku publikoan sexu harremanak izatea… dira jende askoren irudimenean agertzen diren fantasietako batzuk.

Yogurinha Borova

Yogurinha Borova

Ez dakigu Jon Gomez Garairen fantasia emakumez janztea izan ote den ala ez, baina Yogurinha Borovak ez dio beste aukerarik utzi. Elkarrizketa intimoa izan du Jonek artistarekin; nola hasi zen kontatu dio, Eduardo pertsona eta Yogurinha pertsonaiaren arteko mugari buruz aritu dira, eta baita sexu-joerez ere. Euskal Herrian askatasun sexuala gero eta nabarmenagoa dela adierazi dio.

Izan ere, askotan fantasia sexualak sexu-joerekin nahasten direla aipatu dute ETB1eko saioan. Mireia Cifuentes sexologoak azaldu duenez, fantasiak agertzen direnean, askok zalantzak izaten ditu norberaren joera sexualaren inguruan. Adibidez: “neska izanda neska batekin fantasia bat baldin badaukat, homosexuala al naiz?” Mota honetako galderak sarritan agertzen omen dira sexologoen jardunean. Eta ez dago horrelakoentzat erantzun orokorrik, baina askotan batak ez du bestearekin inolako harremanik izaten.

Mikel Urdangarin

Mikel Urdangarin

Mikel Urdangarinen tabernan ere izan da Jon Gomez Garai, errealitatea eta fantasia erabat nahastuta. Kantariaren hitzetan, abestiak idaztea irudimena proiektatzeko bide bat da eta berari behintzat mesede egiten diola aitortu du, barruak askatzeko edo bestela inoiz esango ez zituenak esateko modua ematen baitiote.

 

Beraz, kanta moduan plazaratuta edo gure irudimenean soilik gordeta, zergatik ez fantasiak izan?