Masturbazioa, gozamenaren bidea

ABC egunkariak masturbazioari buruz argitaratutako artikulu polemiko baten harira, ‘Akabo Bakea’ saioko “Luzia eta sexua” atalean gai honen inguruko xehetasunak azaldu zituzten bart.

Aspertuta, bakarrik eta beldurtuta egotearekin lotzen zuen masturbazioa aipatutako artikuluak, eta osasunarentzat kaltegarria zela azpimarratzen zuen. Horregatik, “bizio” honi aurre egiteko hainbat aholku ematen zituzten: erotismoaren eraso komertzialetik babestea, higiene eta elikadura ona edukitzea eta denbora librean aisialdirako jarduera aberasgarriak hautatzea, adibidez.

Luziak, ordea, ABCren gomendioak eta baieztapenak alde batera utzi, eta masturbazioaren alde onak azaleratu zizkigun.

Ikerketa ezberdinek erakusten dutenez, gutxi gorabehera gazteen %80-90 masturbatzen da, eta EAE masturbazio tasa altuena duten erkidegoen artean dago.

Dena den, masturbazioa ez da gazteen artean zabalduta dagoen kontua bakarrik. Luziaren esanetan, pertsona helduek zein umeek ere praktikatzen dute masturbazioa.

Izan ere, masturbazioak hobeto sentitzen lagundu ahal digu, estresa gutxitzeko bide bat izan daiteke eta autoestima indartzeko ere balio du. Oro har, osasun mentalari zein fisikoari egiten dio mesede, eta ez du zeharkako efekturik.

Azalpen hauek emateaz gain, masturbazioaren inguruan dauden mito faltsuei buruz eta masturbatzeko erabiltzen diren tekniken inguruan ere hitz egin zuten atzo.

Entzun atzoko saioa, oso-osorik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude