Erotismoa gaitzat hartuko du aurtengo Durangoko azokak

erotismo3

Konferentziak, tailerrak eta mahai inguruak izango dira aurten erotismoa eta sexua gaitzat hartuta.

Euskararen Nazioarteko eguna iritsi da, eta horrekin batera Durangoko 45. Liburu eta Disko Azoka . Aurtengo edizioan erotismoa izango da gai nagusia eta arlo ugarietako artistekin mahai-inguru eta jostailu erotikoen tailer batzuk antolatu dira, abenduaren 4tik 8ra bitartean, Landako gunean. Hona hemen egun hauetan bertan izango diren ekitaldien informazioa:

Abenduaren 4ean irekiko da azoka, eta Inaugurazio ekitaldian, “Maitasunaren arbola” izeneko ipuin-konferentzia eskainiko du Joxemari Carrerek 12:00etan Elkartegian. Ipuina Afrikako aspaldiko istorioa da, eta horretaz gain, hitzaldian sexu kontuak lehen nola kontatzen ziren, eta orain nola egiten den ere aztergai izango da.

Abenduaren 6an, tailer erotikoa izango da Aretoan 19:00etatik aurrera. “La Jugueteria erotic toys” dendako Manex Rekarteren eskutik izango da tailerra, eta dendako jostailu erotikoen jatorri, ezaugarri eta erabilerak erakutsiko ditu. Sexualitatearen alderdi onuragarrienak izango dira hizpide, eta umorea nagusi izango da tailer honetan. Publikoaren laguntza ere ezinbestekoa izango da.

Erotismoaren ekimenekin amaitzeko, abenduaren 7an, arratsaldeko 18:30etan, Aretoan mahai-ingurua izango da. Erotismoa sortzaileen begietan hartuko dute gai moduan eta Paddy Rekalde izango da moderatzailea. Mahai-inguru honetan hainbat adierazpen artistikotan dabiltzan euskal sortzaileak euren esparruan erotismoak duen lekuaz hausnartuko dute eta hauek dira parte hartuko duten pertsonaiak: Ivan del Campo (zine zuzendaria), Kattalin Miner (Queer), Ines Osinaga (GOSE taldeko abeslaria), Edorta Jimenez (idazlea) eta Jon Arano (komikilaria).

Erotismoaz hitz egitean jendeak ez du jarrera natural bat erakusten, eta aurtengo Durangoko Azokan erotismoa normaltasunaren biderantz eraman nahi dutela dirudi. Erotismoa aurtengo gai nagusia izanik, pozgarria izango litzateke pixkanaka jendearen artean normaltasunez ikusitako gaia izatea. Ikusiko dugu ea euskal kulturaren aldeko ekimen honen erabakiak eragina duen jendearengan…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude