“24 urte ditut eta sexuak beldurra ematen dit”

Irakurlearen zalantza:

“Arazo larria daukat. Inoiz ez dut nire mutil-lagunarekin sexu harremanik izan, minari beldurra diodalako. Duela nahiko denbora gabiltza alkarrekin eta ia 24 urte ditut, baina, sekulako beldurra ematen dit sexuak. Zer aholkatzen didazu?”

sexualidad

Olatzen erantzuna:

“Lasai, hori ez da arazo larri bat. Puntu batzuk aztertuko ditugu, zure zailtasun horri aurre egiteko.

Sexu harremanak izan ez dituzula esaten duzunean, zure mezua irakurriz, sarketa praktikatu ez duzula pentsatzen dut. Baina sexu harremanak ez dira horretara mugatzen, hau da muxuak, laztanak, masturbazioa… ere sexu harremanak dira.

Zure bikotearekin horrelako kontaktua izan baduzu harreman sexualak izaten ari zara.

Dena den, zure beldurra harreman sexual genitalekin lotuta dagoenez gaiari helduko
diogu:

Kontutan izan behar ditugun gauzak:

– Oso garrantzitsua da zure beldurra errespetatzea eta horri aurre egiteko beharrezko denbora hartzea.

– Zure aldetik joan zaitez zure organo genitalak begiratzen, ezagutzen…

– Aztertu zure mutilarekin harremanetan zaudenean, nola zauden, exzitatzen zaren, erlaxatuta zauden, gustura sentitzen zaren…

– Zuen arteko harremanetan ez jarri helmuga bezala sarketa praktikatzea, joan zaitezte zuen gorputzak, desioak, gustura sentiarazten zaituzten gauzak probatzen, baina sarketa hitza alde batera utzita.

– Fisiologikoki jakin behar dena da: neska ez badago exzitaturik, ez dago behar bezala lubrifikatuta eta horrek sor dezake mina. Bestalde, ez baduzu inoiz ezer baginatik sartu (ez tanpoirik, ez behatzik…), denbora beharko duzu zakila sartu ahal izateko, beraz, poliki-poliki hasi, lehendabizi behatz bat, gero bi eta gero zakila sartu gutxika-gutxika.

GARRANTZITSUENA. elkarrekin ondo pasatzea, dibertitzea eta gustura sentitzea!!! Hori da helmuga bakarra!! Horretarako behar duzun denbora guztia hartu!!!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude