“Nire mutila prostitutekin oheratzen da, zer egin dezaket hori saihesteko?”

Errege egunaren biharamuna kentzeko zer hobeto gure irakurle batek ‘Eingo al deu’ sexu-blogen utzitako zalantza argitu baino? Hona hemen gaurkoan gazte baten galderari Olatz Berastegi sexologoak erantzun diona:

sexo

Irakurlearen zalantza:

“Nire mutil laguna emagalduengana joaten dela enteratu naiz. Bajoi handia sartu zait. Ez dut berarekin utzi nahi baina lur jota nago. Berarekin hitz egin dut eta ‘normala’ dela esan dit, bere lagun asko joaten direla. Nirekin asetzen dela esan dit, baina, horrek ez duela esan nahi beste batzuekin oheratuta ez duenik ongi pasatzen. Amorrua sentitzen dut. Zer egin dezaket putetxeen ideia hori burutik kentzeko? Nazka ematen dit beste emakume batzuekin oheratzen dela jakiteak. Nolatan da posible nirekin egoteari denbora kentzea prostituta zikin batzuekin egoteko?”

Olatzen erantzuna:

“Hemen planteatutako gaia ez da batere erraza erantzutea, nik ez dizut esan behar zer egin behar duzun zure bikotearekin, baina zure buruarekin hausnartzeko asmoz galdera batzuk egin nahi dizkizut, hausnarketak zure burua kokatzen eta zure bikote harremanaren nondik norakoak ezartzen lagundu ahal dizu eta.

Nazka sentitzen duzula esan duzu? Nazka non sentitzen duzu, noiz? Nazka zure nobioak edo prostitutek ematen dizute? Hor zikin hitza aipatu duzu beraiek izendatzerakoan, eta hau aztertu beharko zenuke, oso ezberdina da, nazka eta amorrua zure bikotearekiko sentitzea, ze azken finean berak dauka konpromisoa zurekin, edo nazka eta amorrua beste emakumeekiko sentitzea. Honek zuregan beste hausnarketa bat eskatzen du, zergatik ematen dizu nazka beste emakumeak? Hau da, zure gorputzean sentitzen duzuna kokatzen duzunean, zure burua ulertzen laguntzen dizu.

Honetaz gain, aipatzen duzu ideia hori zure nobioari burutik kendu nahi diozula. Nik zera esango nizuke, ez galdu energia besteari ideia burutik kentzen, zure nobioak jakin beharko du ideia hori kendu nahi duen edo ez. Hemen zuk egin dezakezuna zera da: pentsatzea eta argitzea non oinarritzen duzun zuk zure harremana, zeri ematen diozun garrantzia, zer eskatzen diozun zure bikotekideari, ze behar duzun harreman batean eroso, lasai, sentitzeko. Hau da, bestearekin harreman bat eraikitzen ari bazara, zuretzat zein diren oinarrizko elementuak jakin beharko dituzu. Ez naiz sartzen prostitutekin egotea “normala” den edo ez, bikote askotan ematen den edo ez. Bikote bakoitzak jakin behar du, ze harreman nahi duten, ze eraiki nahi duten eta hau ezinbestekoa da. Nik uste dut zuk hausnarketa hau egin behar duzula. Honetarako galdera hauek egin ahal dizkiozu zure buruari:

Zergatik nahi dut mutil honekin egon? Sozialki bikotea edukitzea ondo etortzen delako? Gustora eta ondo pasatzen dudalako berarekin? Nolako harreman sexualak eduki nahi ditut? Ze baldintza behar ditut harremanetan hauek atseginak izateko? Ze faktore dira garrantzitsuak bikote harreman batean berarekin egoteko?

Hausnartu, zure burua argitu, eta ikusten duzunean zeri ematen diozun garrantzia hitz egin dezakezu zure bikotearekin eta zure beharrak planteatu.Ondoren berak ikusiko du, zuk esandakoarekin berak zer planteatzen duen. Azken finean pertsona bat ez da aldatzen berak ez badu nahi. Guk egin dezakegun gauza bakarra zera da: gure burua argitu, eta nahi duguna besteari argi eta garbi adierazi.”

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude