“Nire mutila maite dut, baina, ez daukat sexurako gogorik”

Zein da aste honetako Gazteako irakurleen zalantza nagusia? Hemen duzue:

articulo_sexo

Irakurleak galdetutakoa:

“Aspaldian sexua izateko gogo gabe nabil. Zergatik izan daiteke? Nire mutil-laguna berdin-berdin maite dut eta ez daukat beste inor buruan. Baina, askotan alferkeria ematen dit. Nahiago izaten dut lo egin edo telebista ikusi. Halere, gustatuko litzaidake sexurako grina berriz piztea. Nola egin dezaket?”

Olatzen erantzuna:

“Kaixo, lehenengo galderarekin hasiko naiz. Sexua izateko gogo gabe zaudela esaten duzunean, sexu-harreman guztiak kontutan hartzen dituzu? ( muxuak, besarkadak, laztanak, elkarri egiten al dizkiogun igurtziak…).

Gogo falta aipatzen dugunean komeni da zehaztea zeren gogoa daukagun eta zerena ez. Hau detektatzea garrantzitsua da, momentuan gure beharrak zeintzuk diren identifikatzeko. Hau da, gerta daiteke kontaktua edukitzeko gogoa edukitzea baina nahiago izatea genitala ez den kontaktua. Beste kasu batzuetan, gure bizimoduak, eguneroko zereginak, estres momentuak… ere sexu-harremanak izateko gogoan eragina izan dezakete, horren ondorioz gure gogoa baxuagoa dela sumatzen dugu, indarra beste zereginetan ipintzen dugulako.

Zure egoera zein den jakiteko, puntu hauek aztertu behar dituzu:

1. Momentua- lanean, familian, ikasketetan…-, ze nolako etapa bizitzen ari zaren ikustea.

2. Zure gorputzak zure bikotearekin zaudenean ze kontaktu eskatzen dizun aztertzea.

3. Zu zure buruarekin nola sentitzen zaren momentu honetan.
Horren arabera, estrategia ezberdinak planteatu daitezke: eguneroko egoera horretan zure bikotearekin egoteko momentuak bilatzea, zuentzat ohikoak ez diren planak antolatzea, praktika sexual ezberdinak probatzea…

Dena den, askotan gogo falta edukitzea arazo bezala bizi dugu eta ez gara konturatzen gure bizitza ez dela lineala. Hau da, poza, lana egiteko gogoa, bizitzari heltzeko indarra ere ez dira beti berdinak, pertsonak gorabeherak ditugu eta hau ez da zertan kezkagarria izan”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude