Zistitisak ba al du sexu-harremanekin zerikusirik?

1011_sf_wr_sexualidad_sobre_sexoHemen duzue ostegun honetako zalantza eta Olatz Berastegik emandako erantzuna:

“Askotan zistitisa edukitzen dut eta jakin nahiko nuke gaixotasun honek sexu-harremanekin zerikusirik duen. Zistitisarekin egon nintzen azken aldian sendagileak esan zidan sexu-harreman ‘gogorrak’ saihesteko eta pixka bat aho zabalik utzi ninduen. Zer esan nahi du horrekin?

Bestalde, sexua praktikatzerakoan beharrezkoa al da neurri bereziren bat hartzea gaixotasun hau ez harrapatzeko? Inoiz entzun dut sarketa praktikatu ostean pixa egitea derrigorra dela. Hala al da?”

“Kaixo, zistitisa puxikaren inflamazioari deitzen zaio. Gehienetan, hau escherichia coli bakteriaren eraginez gertatzen da. Baina, badago, zistitis mota bat sexu-harreman genitalen eraginez gertatzen dena. Hau da, larrua jotzerakoan, muskulu baginalak, presioa eragin diezaiokete puxikari eta honen ondorioz infekzioa sor daiteke. Hau dela eta, sendagileak ‘gogor’ hitza erabiltzerakoan, sarketa praktikatzerakoan erritmo lasaiagoa erabiltzeko esan dezake, horrela puxikan sor daiteken presioa txikiagoa izan dadin. Dena den, egia da horrelakotan hobe dela zehaztea zer den gogorra, zuk zer egin dezakezun jakiteko eta honetaz gain ze zistitis mota daukazun jakitea ere ondo legoke.

Neurriei dagokionez ez dakit zein neurri har dezakezun, zure kasuan sexu-harreman genitalak eduki ondoren zistitis asko hartzen dituzula ikusten baduzu, postura ezberdinak probatu ditzakezue ea ondorio ezberdinak dituzun.

Honetaz gain, zistitisak ez hartzeko genitaletan hotza hartzea ere ez da komenigarria. Bukatzeko, sexu-harreman genitalak eduki ondoren ez da derrigorrezkoa pixa egitea.

Ondo izan eta beste bat arte.”

Olatz Berastegi

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude