“Ipurdian zaplastakoak emateak sutan jartzen nau”

Dakizuen bezala, ostegunero Olatz Berastegi sexologoak irakurle batek egindako galderari erantzuten dio eta oraingoan, egun bateko atzerapenarekin, Irungo gazte baten zalantza argituko digu Olatzek.

Hona hemen zalantza:

“Nire neskak aurreko batean txortan geundela ipurdian zaplastako batzuk eman zizkidan eta pila bat gustatu zitzaidan. Asko ipini zidan eta gogorrago emateko eskatu nion. Zoratuta nago? Morboso bat naiz? Normala da ?”

Eta hemen Olatzen erantzuna:

“Ezer baino lehen zure azken galdera argitu nahi dut. Zer da normala eta zer ez? Normaltasuna bakoitzaren parametroak kontutan hartzean datza, beraz, ekintzak nahiz gertakizunak pertsona bakoitzaren inguruan neurtu behar direnez, normala hitza ez erabiltzen saiatuko gara, zuretzat baliogarria dena agian beste batentzat ez delako.

Eta hortik aurrera, zaplaztekoak, hozkak eta antzeko praktikak norberaren erotikan sartzen direla aipatu behar dugu. Harreman batean gertatzen dena bi pertsonen arteko kontua da eta helburu nagusia gustuko ditugun gauzak aurkitzea izan behar. Zuri ipurdian txalo batzuk emateak kitzikatzen bazaitu, hor duzu gakoa, aipatu bezala, helburua plazerra edota atsegina bilatzea izan behar delako.

Dena da posible jostatzen dabiltzan bi pertsonen aldetik onartua bada, kontua inori kalterik ez egitea da eta zure kasuan ez diozu inori kalterik egiten. Argi geratu zaizu?”

Oraingoan ere erantzun argi eta zehatza eman digu Olatzek. Eta hurrengo asterako zer? Beharbada datorren astean publikatzen dugun zalantza zurea izan daiteke. Horretarako bidali mezu bat gazteaweb@eitb.com helbidera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude