Sexua; mila galdera, mila eta bat erantzun

Legazpiko gazte batek Olatz Berastegi sexologoari egindako galdera baten inguruko posta landu genuen atzo ‘Eingo al deu’ sexu-blogean eta gaur, irakurleek gazteaweb@eitb.com helbidera bidalitako zalantza gehiagoren erantzunak argituko ditugu. Hona hemen gure jarraitzaile gazteen kezka nagusiak:

1. Egia al da emakumeek bi orgasmo mota dituztela?

Orgasmoa bakarra da kasu guztietan, kontua da, pertsonaren arabera, klimaxa bizitzeko era aldatzen dela, hots, orgasmoak intentsitate ezberdinarekin bizi ahal direla. Horretan, faktore askok dute eragina, besteak beste, kitzikapenak nahiz egoerak orokorrean.

Hori bai, orgasmoa lortzeko bide ezberdinak egon daitezke: organo genitalak ukituz edota astinduz, sexu-harreman diferenteak edukiz, fantasien bidez…

2. Emakumeen zein portzentaje heltzen da orgasmora sarketaren bidez?

Ez dut honen inguruko ikerketa fidagarririk ezagutzen, baina, argi dago emakumeentzat orgasmora iristeko modurik errazena klitoria ukitzea dela eta hau era askotara egin daiteke, baita sarketa praktikatuz ere.

Aipatu bezala, portzentajerik ez dakiten arren, sarketa bidez ere orgasmora iritsi daiteke.

3. Zergatik izaten dute emakume batzuek isurketa eta beste batzuek ez?

‘Isurketa’ fluxu baginalaren araberakoa izaten da. Emakume denak ez dira berdin lubrifikatzen, batzuek fluxu gehiago isurtzen baitute. Zergatia emakume bakoitzaren segregazioan dago. Guztiok izerdi berdina botatzen ez dugun bezala, fluxua ere ezberdina daukagu.

4. Zer da sodomia? Arriskutsua da?

Sodomia kontzeptuak jatorri erlijiosoa du eta normalean uzki-sexua izendatzeko erabiltzen da. Beste askotan, eta herentzia judo-kristauaren kutsuagatik, jarrera sexual ezberdinak izendatzeko erabiltzen da, hala nola, homosexualitatea, sexu orala, masturbazioa…, beti ere kutsu negatiboa emanez.

5. Asko masturbatzeak bikotearekin sexu-harremanak izateko gogoa murriztu dezake?

Galdera honek bi erantzun ditu. Alde batetik, zer da asko masturbatzea? Pertsona bakoitza behar adina masturbatzen da eta hori da pertsona horrentzako neurri egokia. Asko horrek konparazioa dakar eta sexualitatean ez da alderaketarik egin, bakoitza mundu bat garelako.

Bestalde, masturbazioak ez du bikotearekin ditugun sexu-harremanetan eraginik izan behar. Bikotearekin sexua izateko gogoa, berarekin egoteko gogoarekin lotuta dago, berarengan duzun desioarekin, elkarrekin gozatzeko nahiarekin…

6. Mutiletan, isurketa asko izateak haziaren kalitatean eragina izan dezake?

Ez, haziaren kalitatean bizimoduak du eragina. Elikadurak, kirolak, drogen kontsumoak eta estresak adibidez, eragin zuzena dute semenaren kalitatearekin.

7. Gerta liteke haurdun egotea eta lehen hilabeteetan hilerokoa izatea?

Batzutan gertatzen da. Emakume batzuek haurdunaldiaren lehenengo hilabetetan odola isurtzen dute, baina, aurreko hilerokoaren hondarrak izaten dira.

8. Posible da neskak tanpoia jarrita duenean sarketa praktikatzea?

Aukera badago, bagina muskulu bat delako eta flexiblea delako, baina gehienetan ez da oso erosoa izaten, ez mutilarentzat ezta neskarentzat ere, bagina gehiago ireki behar delako.

9. Zein da emakumeen gozamenerako jarrera edo ‘postura’ egokiena? Eta gizonen gozamenerako atseginena?

‘Posturena’ pertsona bakoitzarekin lotuta dagoen beste kontu bat da. Norberak bere gorputza nola bizitzen duen, nolako lotsa daukan, nola sentitzen den seguruago, zer nolako kontrola behar duen sexu-harremanak dituenean. Faktore guzti hauek zerikusia dute ‘postura’ bilatzeko orduan ere.

10. Komenigarria da sexu-organoak depilatuta edukitzea?

Erosoago sentituko denari depilatzeko aholkatzen diot eta alderantziz, erosoago sentituko ez denari ez depilatzeko. Genitaletan dagoen ile kantitateak zerikusia izan dezake honetan, baita pertsona bakoitzaren gustu estetikoak ere. Beraz, kuriositatea baduzue, probatu eta kontatu gure blogean.

1 thought on “Sexua; mila galdera, mila eta bat erantzun

  1. Ainhize

    jejeje, grazixe einost posturienak. Neuk beintzet batzuten posture batekin gozatzen dot topera, ta hurrenguen postura horrek ez dost betetzen ta beste bat bier dot. Hori normala ixengo da o?

    Erantzun

Utzi erantzuna Ainhize(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude