Bankiaren babarrunak

Bankiaren gaineko albisteek, aurreko batean, Bizirik saioaren grabazio batean (aurki ETB-1en!) gertatutakoa gogorarazi didate.

babarrunak

Tolosako babarrunen gainean ari ginen Bidaniko baserri baten atarian. 50-60 urte arteko lau lagun, 35eko ni, eta 92 urteko amona. Aurkezlea baldar xamarra izaki, esku artean zituen babarrun aleetako batzuk lurrera erori, eta konturatzerako, hantxe makurtu ez zaigu ba amona ale horiek biltzera? Lau ale berreskuratzea lortu zuela, eta lau urteko kalbarioa saihestu zuela. Huraxe bota zigun, beharrik ez zegoela esan genionean. Felixak baino sasoi hobea genuen guk, bai, baina ardura, harek gehiago, bistan da.

Arrazoirik ez du faltako garai bateko esaerak. Orduan hala pentsatuko zuten, babarrun ale horiek galtzea, gehiegizko luxua zela, eta guztiak heltzera bidean jarri behar zirela, bai ala bai. Gaur egun, ordea, babarrunak behar bezela zaindu ez dituzten horiek, ez dute ezer askorik egin gu inpernuko sutik libratzeko, baina besteoi bai, besteoi kalbario ederra jarri digute ! Besteon jatekoarekin jokatu, eta gainera, estropizioa ikusita, besteak makurtzeko zain geratu…

Bejondeizula, Felixa !

Fassbenderren ipurdia

Zakila ere aipa nezakeen, baina beti geratzen da finagoa ipurdiari erreparatu diogula esatea, zintzilikarioari begira egon garela aitortzea baino. Baina balio zezakeen, helburua berbera bait da: amua botatzea. Eta esango “Shame”k baduela horretatik apur bat. Alegia, haragi gosez inguratuko direnak asko izango direla, baina hura asetu eta bapo geratu baino, behar bada sabela nahastuta, aztoratuta irtengo dira zine aretotik. Eta hori betishame da gustagarri. Arrisku hori izan badu pelikulak: gorputzak arima irenstea, eta bihotzera heldu beharrean genitaletan geratzea. Horregatik, eta hori sahiesteko behar bada, hasi orduko eskeintzen digu zuzendariak Fassbenderren puska handi hori. Pelikula baten promozioak maiz behar izaten duen ahoz ahokoan hori izan bait da gehien aipatu dena: ohi baino handiagoa duela gizonak. Eta bai, tamainuak badu garrantzirik. Eta esango nuke McQueenek hartu diola neurria gaiari : Bestelako gabeziak larrua joz betetzen dituen gizonarena kontatzeak, izan zezakeen erredentzioaren gaian erortzeko arriskua, baina zorionez, horretaz libratu gaitu. Fassbender bera ere, neurrian, txukun. Sinisgarri. Beroketa eta klimaxaren arteko oreka badu pelikulak. Txortaldirik bikainenaren modura, kasu honetan ere egunak joan egunak etorri, gertaturikoa duzu buruan. Ez da errez ahaztekoa. Neroni behintzat, eman dit zer pentsatua.

Bostetako sesioan

Egutegiak Berriotxokoa ez den beste Balendinen eguna dela gogorarazten digun honetan, gaur zer ospaturik ez dutela uste duten haiek hartu nahi ditut nik gogoan. Bostetako sesiora joan beste erremediorik izaten ez duten zinemazaleetaz ari naiz.

solo_en_el_cine

Hamarretako sesiora inoiz bakarrik joan denak, lagunik gabe joan denak, alegia, badaki beso bat, hanka bat edo besterik gabe burua bera falta balitzaizu bezela begiratuko dizutela ilaran dauden gainerakoek. Bikoteentzako propio egindako emanaldia izaten da eguneko azkena. Txartel saltzaileak binaka saldu ditu ordura artekoak, eta horregatik zuk txartel bakarra behar duzula esandakoan, birritan galdetu dizu, ea ongi entzun ote duen, eta bakarra behar ote duzun. Krisketak erosterakoan, bi lagunentzako propio jarritako eskeintzak ezin probestu. Atea zabaldu biitartean, binaka eraikitako ilararen geometria apurtuko duzu. Eta behin eserlekuan eseri zarenean, alboko kideak zure parera iristerakoan eskuetan duen txarteltxoa begiratuko du, erratu dela pentsatuta, zure alboan berak eseri baino komunean behar duen beste batek beharko lukeela pentsatuta.

Hamarretakoa baino, zortziretakoa, arratsalde erdikoa aukeratzen baduzu, bikoitza izango da zaplaztekoa. Alboan duzun nerabe taldeak urduritzen zaituela ikusita, zahartzen ari zarela ohartuko zara. Gero eta pazientzi gutxiago duzula. Atzean utzi zenituela zorionez garai haiek. Baina erdi bidean geratu zarela. Ez taldean, ez binaka. Bakarka joan zarelako zu pelikula ikustera.

Horregatik euskara jatorrean zahar abizena behar izaten duten mutil eta neska zinemazale horiek, lehen emanaldia aukeratzen dute. Bestelakoa izaten da bostetako sesioaren erradiografia. Atzeko ilaran jarriz gero, ikusleen buruek eserlekuen itxasoan inolako geometria araurik gabe banatutako uhartexoak direla ohartuko zara. Baina horretaz ez zara jabetuko, pelikula hasi arte. Aretoa ilun geratu arte, alegia. Pelikula hasteko momentuan bertan sartzen direlako barrura. Lekurik egokiena zein izan daitekeen aukeratu baino, parean libre ikusten duten aurrenekoan eseriko dira. Hurrengo erronken berri ematen duten trailerretaz gozatzeko aukera baino, ilaran bizitzen denaren pareko tortura gerta daitekeelako eserlekuko itxaronaldia. Errematea. Edozeinek arrapa zaitzake bertan ere. Horregatik pelikula bukatu orduko, lehen letra agertzearekin batera ziztu bizian irtetea hoberena, lehendik ikusi ez zaituen horrek bukaeran ere ikusi ez zaitzan.

Jabetuko zinetenez, alboan lagunik ez duzunean, albokoen jarrera aztertzeko astia eta parada izaten duzu. Hori da, era berean, zure kontsolamendu bakarra: bakoitia bai, baina ez bakarra. Bada zu bezelakorik. Horregatik, hamarretako sesiora joateko moduan nagoen honetan, ez nituzke ahaztu nahi lotsa horiek gainditu eta kontuak kontu bere zinemazaletasunari eusten dioten ausart guzti horiek. Zorionak zuei!

Bejondeizuela!!!

Txikia nintzen artean. Bai, gezurra dirudien arren, ni ere txiki izan naiz inoiz. Ez nuen ulertzen zer zela eta nire aita errifak saltzen hasi zen. Jolastoki izan ohi nuen Beteluko pilotalekua hesita ikusi nueneko harridura dut gogoan. Sarrerak kobratzeko itxi zuten. Benito Lertxundi ere ekarri omen zuten, baina hartaz ez naiz behar bezela gogoratzen. Gaur ordea oroitzapen apal guzti haiek berritu ditut. Egia esan, maiz xamar gaurkoratzen ditut. Lankideak haurtzaroko oroitzapenetan murgiltzen hasten diren bakoitzean: Patrick postaria zein zen ez dakidala aipatzen diedanean, harritu egiten dira, eta arritu ere horren arrazoia ematen diedanean: kontutan hartu ni haur nintzela, gurean, Arriben ez zela ETB ikusten. Kontutan izan berandura arte ez zela txoritxoaren hegaldia gure etxeko egongelaraino iritsi. Gurasoek eta auzokoek lana majo egin behar izan zutela Elosta puntan errepetidorea jartzeko beharrezkoa zen dirua biltzeko. Ez Araitzen bakarrik, Nafarroa osoan izan ziren antzeko ekimenak. Paz de Ziganda ikastolako gurasoei esker Aralarren puntan jarritako antenari esker ikusi ahal izan da ETB urte luzez Nafarroan. Inozentzio Aierberi esker izan zen hura. Elizako agintariei ez ezik, gobernuko agintariei ere aurre egin behar izan zien On Inozentziok. Gizon handia, handia bere txikitasunean. Haren lekukoa hartu dutenen eskutik iritsi da zorioneko berria. Poza eta tristura, biak uztartzen ditu ordea albisteak.

nd

Erregeek opari polita ekarri diete hainbat iruindarrei, bai : ETB LTD bidez ikusteko aukera. Beste behin herritarrek eurek bete behar izan dute, ordea, agintarien lana. Batzuen utzikeria besteen gogoarekin betea. Hori da, Nafarroako euskalgintzan dihardugunok ongi dakigu, gure egunerokoa. Beste behin, Oinezen kantak zioen bezela, ezina ekinez egina. Eta beste behin, argudio teknikoak eta zenbaki potoloak zeinen aitzaki merke ziren bistan utzi dute nafarrek eurek. Aste honetan bertan agintarien txanda izango da, legebiltzarrean aferaren gaineko azalpenak eman beharko dituzte. Eta herri ekimenak argi utzi duenez, ez dira sinisgarri izango, baina seguru aitzakiren bat topatuko dutela azaldu ezinekoa azaltzeko. Edo burua zuritzeko. Kontua da, aurrerantzean nafar batzuk behintzat (ezin ahaztuko bait dugu oraindik ere gehientsuenek ez dutela halako aukerarik izango), telebistako pantailan ikusiko dituzten elur maluta bakarrak, mapan jartzen dizkiedanak izango direla, bestela txukun xamar ikusiko dutelako. Maddi txikiak behar bezela ikusi ahalko du bere aitapuntekoaren jarduna. Eta nire besoetakoak aldiz, jakingo du zein diren Doraemon eta Shin Chan, baina nire erretolika bera errepikatu beharko du berak ere koxkortutakoan: beste inon ez bezela bere gurasoek eta bere lagunek ingenieritza ikastaro azkarra egin eta lanean jarri izan behar zutela euren seme alabek euskerazko telebista ikusi ahal zezaten. Mandoan sakatu beharreko botoi aukeraketa baino gehiago da batzuentzat telebista ikustearena. Ongi kostatako ekintza. Maitasun ekintza. Zeinen luxintxa gutxi eskeintzen dio ordea txoritxoak hainbesteko maitasuna erakutsi dionari, sarri xamar bide bakarrekoa dirudien maitasun istorio honetan. Beste baterako gaia izango da hori…

Arratsaldero: Agur eta ohore!

Langabezian geratuko ez den taldekide bakanetakoa naiz, beraz esan ahal dut esatera noana, inolako susmorik gabe. Alegia, bestela balitz, langabetu berri baten purrusta edo kasketa irudi lezakeela honek, baina ez da halakorik. Aldez aurretik, hori bai, bihartik aurrera lanik izango ez duten lankide eta lagun guztiei besarkada estu eta muxu handi bana.

la foto

Saioak iraun duen urte t´erdi honetan, krisia izan dugu bolo bolo eguna joan eguna etorri. Haren gaineko gaiak izan dira nagusi gurean, nik uste. Eta hara non, krisiaren biktima omen gu ere.  ETB1erako diru nahikorik ez nonbait, eta Arratsaldero itxi egingo dute. Nik esango nuke, etxe gehientsuenetan, bakarren batek diru arazoak dituenean, anai aberatsak ematen diola dirua pobreari, baina gurean alderantziz: anai pobrea, pobreago. Pobre izan bait gara beti. Merke zuhurrean ibili gara hasi eta bukatura arte. Horrek bi ondorio nagusi izan ditu: tartarrean bete behar izan ditugu bost ordu, batetik. Horrek, saioa nahi baino aspergarri eta motelago bihurtu izan du batzuetan. Hori laiotzean. Eguteran, aldiz, gaia intereseko duen ikusleak behintzat, beste inon ez bezelako patxadaz entzun ahal izan dituela haren gainekoak.  Eta zuzenean entzun ditu gainera. Zuzenekoa eta frexkoa izan da jarduna. Aurrerantzean, enlatatutako euskera entzungo du ikusle horrek berak. Enlatatua eta txukuna, zuzena, egokia. Eta horretatik ere behar du, jakina, euskeraren normalizazioak. Baina bapatekotik ere bai, eta halakorik ez du izango aukeran. Bestetik, ahalik eta gutxien gastatze aldera, Bilbo handian ibili behar izan dugu gehienetan. Eta zorionez, uste ustelak gezurtatu ahal izan ditugu: Sestaon, Barakaldon, ezkerraldean…, inkesta bat euskeraz egin daitekeela erakutsi dugu, eta hori poztekoa da noski! Baina ez da bilatutako zerbait izan. Gazia gozo bihurtu da, baina sorburua, kontu horrek gazia zuen: merke zuhurrean ibili gara. Legebiltzarrean bertan erakutsi dute gure aurrekontua, eta anai aberatsenaren erdia zela guztiok dakigu, iraupenez eta lanez bikoitza zena egiteko. Eta hori, ETB1en apustu sendoa ginenik… Nik dakidala, pilotalekuan, tartean dirurik gehien duena da apustu potoloa. Eta apustuak, batzuetan irabazi egiten dira, eta besteetan galdu, eta oraingoan guztiok galdu dugu, baina bereziki ETB-1en proiektuan sinisten dugunok galdu dugu.

Esanguratsua iruditu zitzaidan atzo Berriak Arratsalderoren amaieraren berria laguntzeko jarritako argazkia. Saioaren aurkezpenean duela urte t´erdi ateratako argazkia zen. Ez foto horretan aurkezleak bereziki guapo agertzen zirelako (beti dira guapoak biak!), ETBk beste argazki edo promozio ekintzarik egin ez diolako saioari iraun duen urte t´erdian.. Lastima. Bide zaila zela bagenekien hasiera hasieratik, eta horregatik heldu genion erronkari hain gogotsu. Bai batzuk behintzat. Bidea ez da amaitu, hasi baino ez da egin. Guk lurra atxurtu dugu. Etorkizunean beste talde bat etorriko da, eta asfaltatuko du. Arratsaldero, saio bat baino gehiago izan bait da: orain arte ETB-1en jorratu gabeko ordutegi eta aktualitate formatu baten aldeko hautua. Eta hori beti izango du beharrezko telebista kate osatu batek. Inoiz amaitzen ez den lana da hori. Itsasontzia ez da portura iritsiko, ez bait da hori helmuga. Itsasoa zeharkatu, bertako bizipenak eta bertan ikusitako kontatzeko. Hori da helburua. Baina bidea egiteko, marinelak ez ezik patroiak ere behar ditu txalupak, noraezean itzulika ibiltzeko arriskua bait du bestela. Eta hortxe geratu gara, ez atzera ez aurrera.

Ez gara ez lehenak, ez azkenak, tamalez. Bai, badakit. Ingurura begiratu baino ez dago: beste hainbat dira kinka larrian dauden proiektuak, UEU dela, Nafarroako Antzerki Eskola dela… Baina tristeena da, guzti horiek, albistegietatik haratago ez dutela telebistan euren egoera salatzeko zirrikiturik topatuko aurrerantzean. Eta arratsaldeetan txutxumutxu eta halakoez jositako programaziotik ihesean dagoen ikusleak ez du euskerazko babesik topatuko. Solaskideek ez dute euren gogoeta non azaldu izango. Eta nik ez dut Estitxuren zeharkako begiraturik jasoko. Ezin nabarituko dut haren begi ederretan, ari zaren horrek merezi duela nabari duzunean baino ez dagoela nekea eta etsipena gainditzerik. Ezin esango diot, minak min, honek merezi duenik.

la foto(2)

Atzo Esne Beltza izan zen gurean. Bai, tarteka halako harribitxiak ere izan ditugu. Ordu luzeetako jardunean bazelako aspergarritik bezainbeste entretenigarritik. Izenburua bera hausnartzen baino denbora gehiago eman diogulako izenari izana eman nahirik. Iritzi asko bildu ditugu, kalean kontrako ustea den arren, kolore desberdinak izan dituelako gure arratsalderoko ortzadarrak. Eta gonbidatu garrantzitsu eta ilustreak ere izan ditugu sarri xamar. Azkenetakoa, esan bezela, Xabi Solano eta banda. Badakizue zein kantu eskeini zuten? “Nahi dut”. Euskeraz bizi nahi dut… Ba hori, nik ere euskeraz bizi nahi dut. Egunero. Arratsaldero.

Artistaren lana

Zinea gustoko duenak pelikula hau gustoko izango du oso, seguru naiz. Nabari da bai zuzendariak berak ere oso gustoko duela zeluloidea. Eta ez diot soilik zinemaren historiako momentu gogangarrienei egindako keinu sortagatik. Argi dagoena da errelatoa gustoko duenak hobe egiten duela haren kontakizuna. Eta kasu honetan, izenburuak berak dioen bezela, arte lana ere badela esango nuke errelato hori.

the-artist

Maitasunak berak bultatzen gaitu askotan ausart jokatzera, eta gaur egun zuri beltzekoa ez ezik elkarrizketarik gabeko ere baden pelikula bat egiteak badu bitixitik bezainbeste ausartetik. Maitasuna eta ausardia elkartuta, pelikula honen moduko zeozer magikoa sortuko da gehientsuenetan… Edo ez beti, batek daki, askotan zaila bait da asmatzen zerk egiten zuen zerbait miresgarri edo liluragarri. Argi dagoena da, eta denborak emango dit arrazoia, klasiko bat sortu berri dela.

Susmoa dut kontinente zaharreko zinemagintza  frantziarrek gehiago mirestu izan dutela amerikarrek eurek baino. Hollywoodeko aintzindarien artean frantziarrek topatu zituzten artista handienak, eta zenbaiten ustez 60ko hamarkadako krisitik frantziarrek emandako bultzadari esker atera zen bertako industria. Eta oraingoan ere frantziarrek etorri behar izan dute amerikarrei gogoraztera zein den zinemaren funtsa eta oinarria. Hazanaviciusek belarritik egin die tira: jaun adreok, itzul zaitezte oinarrira, hainbeste jende mugiarazten zuten filma haietara, magiaz beteriko pelikula haietara.

Zine mututik elkarrizketadunera bitarteko aldaketa azaldu nahi du hain zuzen elkarrizketarik gabeko lan honek. Eta aldaketa horrek zein ondorio ekarri zituen ordura arte izarrak ziren aristengan, izar zaharren tokia nola bete zuten izar berriek Hollywoodeko zeruan. Izarretaz ari garela, “The artist”en guztiak dira izan, guztiak ari dira fin, baina guztietan dizdiratsuena, txakurraren baimenarekin, Jean Dujardin bera. Komedia eta dramaren artean ederki daki dantzan, unean unean eskutik heldu eta eraman nahi gaituen txokora eramanez. Pelikula on batek funtziona dezan hain beharrezkoa dena ere lortzen du:  sinisgarri zaigu oso, eta ez zaigu batere nekeza egiten haren buruan sartzea.

Azkenadlian pelikula gutxik lortutako zerbait lortu du honek: ezustekoa eman dit, eta hori, zinemako sarrera zein garesti dagoen ikusita, ez da gutxi. Baina batez ere, etxeko lanak jarri dizkit: zine klasiko gehiago ikusi behar dut. Bai, badakit nostalgiko bezain ñoño geratu zaidala gaurkoa, eta hori izango da hain zuzen filma honek izango duen etsairik handiena, jendearen pereza, gainerakoan ez bait du inolako oztoporik izango.

“El euskera está en el congelador”

Paradoxa, kasualitatea edo metafora kapritxosoa. Sistema informatikoa jausi egin dela eta duela 30 urteko molde berdinean aritu behar izan du goizean Euskadi Irratiak. Juxtu noiz eta euskeraren egunean. Gaurko efemeriderako baliagarriak diren bi gogoeta, beste hainbeste iragarkirekin lotutakoak, ekarri dizkit burura gertakariak.

munduoro copy

1.- Gurasoak erdera hutsean entzun eta jolasterakoan aita-amen elkarrizketak hitzez hitz errepikatzen dituen umearena bata. Euriborra kongeladorean omen dago.  Egunak joan egunak etorri, umeen antzera guk ere iragarkia hitzez hitz ikasteraino ematen dute iragarkia. Oraindik ere transmisioa bermatu nahi badugu sendi barruan euskeraz aritzea zein beharrezkoa den gogoratu beharrekoa den seinale. Bada beraz zer hobeturik.

2.- Eusko Jaurlaritzarena da bestea: Bakarren batekin erderaz hitz egiten hasi, eta solaskidea euskal hiztuna dela jabetzearekin batera, leloarena nola egin duen ohartzen den euskaldunarena. “Munduoro euskaraz” leloaren gaztelerazko itzulpena gehitzen dio ondoren ahots goxoak: “Abierto al mundo”. Horra bigarren hausnarketa: Euskera hutsean aritzen den irratiko entzuleak euskal hiztuna behar duela kontutan hartuta, benetan beharrezkoa al da itzulpena gehitzea? Zeinen zorrotz betetzen dugun legea, zeinen mimo handiz zaintzen dugun bi hizkuntza ofizialen arteko oreka testuinguru jakin batzuetan. Gaztelerari diogun begirune bera nahiko nuke euskerarentzat askotan. Euskerazko itzulpenaz “ahaztu” den iragarkirik entzuten ez dudan egunean, orduan behar bada ez dit hainbeste minik egingo gaztelerazko gehigarriak. Ordura arte, euriboarraren antzera ere, euskerak kongeladorean jarraituko du.

Basauritik Oionera, euskeraz

gaur egun

Atzo eguerdiko “Gaur Egun”-en ikusia. Basauriko metro geltoki berria dela eta, bertako erabiltzaileen iritziak bildu, eta guzti guztiak gazteleraz. Oiondik zetorren ondorengo albistea: bertako herritarrak orain arte Logroñora joaten zirela medikutara, baina Errioxako agintariek aukera hori moztu egin dietela. Basaurikoan ez bezela, Oiongo berrian euskeraz entzun genituen herritarren kexuak. Harrigarria egin zitzaidan bigarrena, eta kezkagarria lehena. Basauri eta Oion ez dira behar bada Euskal Herriko herri euskaldunenak izango, ados. Baina baten eta bestearen errealitate soziolinguistikoari erreparatuta, besterik ez bada biztanle kopurua handiagoa delako, Basaurin euskal hiztun gehiago izango dela uste dut Oionen baino. Bistakoa da, ordea, Araban izandako lankideak ez bezela, Bizkaiko herrira joandakoak behin erderazko testigantzak lortuta ez ziola denbora askorik eman euskerazkoak lortzeari. Ez bait dut uste euskal hiztunek fobia berezirik izango diotenik metroari, eta batez ere, gero Euskadi Irratiko albistegian euskeraz adierazi zutelako erabiltzaileek euren poza.

Ez dut lankiderik larrutu nahi, noski, baina uste dut autokritika serio bat egin beharrean gaudela. Seguru nago inork ez ziola erredakzioan errieta egin kazetariari, euskerazko lekukotzak behar luketen tokian erdera hutsezkoak zeudelako. Ados. Baina errezkeria, edo erosokeria, euskeraren etsai bihur daiteke. Batzuen ardurabekeriari besteon utzikeria gehitzen badiogu, ez dugu emaitza onik izango. Binomio kaxkarra. Euskerazko produktuak izaera propioa behar duela uste badugu, eta batez ere gureari errespetua badiogu, ekin diezaiogun egunerokoan, ladreilurik gabe, ezin osatuko bait dugu gure etxea.

SOS Navarra Directo

Gaurkoa coypaste lotsagabea duzue, baina badu bere arrazoia: “Navarra Directo” saioko lankide eta lagunei nire elkartasuna agertzeaz gain, haien eskakizunekin bat egin, eta behingoz Nafarroako euskalzaleen eskubidea bermatu eta ETB Nafarroan behar bezela ikusi dadin agintariek egin beharreko guztia egin dezaten eskatu. Eutsi goiari!

navarradirecto

“Euskal Irrati Telebistak bertan behera utziko du ETB2ko Navarra Directo saioa 2011. urte bukaeran. Nafarroan eta Nafarrorako egiten den saio bakarra da ETBn.1998 geroztik emititzen den saioa da Navarra Directo. ETBko saiorik zaharrenetakoa da, honenbestez. Ordezkari politikoen utzikeriagatik, komunikabide munduko 20 langile kalean geratuko dira. ETB TDTan ikusteko akordioak ez baitituzte bete. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak 2009an akordioa sinatu zuten arren, analogikoan emititzen den kate bakarra da ETB. Hitzarmen hartatik bi urte eta erdi pasa dira eta hitzartutakoa bete gabe dago oraindik. Nafarroako Legebiltzarrak hainbat aldiz jorratu du gaia eta parlamentarien gehiengoa TDTaren kaptazioaren alde agertu da, azkenekoz 2011ko urriaren 27an.

Kalean geldituko garen langileok honako hau exijitzen diegu arduradun politikoei: Nafarroan ETB ikusi nahi duten milaka nafarren eskubideak bermatzen dituen berehalako irtenbidea. Navarra Directo Nafarrorako deskonexioan emititzen den saioa da eta orain dela hamar urtetik Foru Erkidego osoko gizarte, kultura eta kirol gaiak jorratzen ditu. Gainera, urtero San Fermin jaietako giroa Euskal Herriko etxe guztietara eramaten duen ETBko saio bakarra da.

Urte hauetan milaka nafarren lan eta gizarte arazoei buruz hitzegin dugu, eta zoritxarrez, orain gu bihurtu gara notizia Nafarroa eta EAEko arduradun politikoen utzikeriagatik. Horregatik, gizarte eragile, komunikabide, sindikatu, erakunde, alderdi politiko, ikusentzule eta hamairu urte hauetan jarraitu gaituzten herritarrei babesa eskatzen diegu.”

Navarra Directoko langileak.

Gizarte sareetan babesa:

–       Twitter: @apoyoNDIRECTO

–       Facebook: Apoyo a Navarra Directo / Navarra Directo aurrera

Iturria itxi dio gobernuak euskerazko hedabideei

Laburra, gaurkoa. Ez bait dut tentazioan erori nahi. Esan nezake Barcinaren gainsoldatarekin konponduko genukeela gurea, edo Los Arcoseko zirkuituan diru galerak izango direla aitortu duten honetan, ez al zegoen diru hori beste inora bideratzerik. Baina ez, ez dut haien akats berdinik egingo. Xinplekeria bait da halako bidegabekeria arrazoitzeko erabiltzen duten argudioa. Ditxosozko krisia, jakina. Dirurik ez dagoela. Baina halakoetan gurean ongi dakigu zein den azaleko gastua, eta zein funtsezkoa. Jatekoan baino, kapritxoetan aurrezten dugu guk. Nafarroako Gobernuak aldiz argi utzi du beste behin zein diren bere lehentasunak: Euskeraz aritzen garen komunikabideoi bukatzear den urte honetarako aurrikusitako diru laguntzaren bigarren erdia, orain ordaindu beharrekoa, ez digu emango. Eta hori gutxi ez, eta datorren urterako, xoxa bakar bat bera ere ez omen du bideratuko euskera kontuetarako.

hedabideak2

Agindutakoa betetzea, gizalegezkoa da, baina batez ere norberari berea ematea, oinarrizkoa. Gizalegezkoa, eta oinarrizkoa. Zentzuak agindutakoa, baina zentzurik ezin eskatu, akaso, halakorik ez duenari. Berea maitatu baino gorrotu duenak, ez duelako ez bihotzik ez bururik. Baina batez ere, ez du hitzik. Ez duelako hitza bete, batetik, eta edozein aitzaki erabilita ere, nahikoa hitzik ez delako izango egiten ari diren bidegabekeria zuritzeko. Horren aurrean, hitzekin jarraituko dugu guk borrokan. Bihotzetik mingainera, eta mingainetik teklatura dihoazten hitzekin. Ez bait gara ixiliduko, edo ez genuke behintzat ixildu behar. Hamaikagarrena da, honez gero, azken makilkada, baina zoritxarrez, badakigu estalkia jarri eta aurrera egiten. Eta hori egingo dugu oraingoan ere.

Hogei bat urte badira gure bailarako aldizkaritxoan lanean hasi nintzela. Harez geroztik, makina bat ordu sartu izan ditut gure bulegotxo txikian lanean. Asteburu guztia hantxe, alea berria kalera atera zedin. Eta muxutruk, noski, ez bait genuen batere dirurik. Baina ez diot hau nire burua goratze aldera, ezta gutxiago ere. Ez bait da hain arritzekoa nire kasua. Zorionez asko eta asko gara proiektu honetan sinisten dugunok. Ehunka gara horixe bera egiten dugunok, hala sentitzen dugulako. Eta zaplaztekoak ematen dizkiguten honetan, guk oraindik ere muxu truk jarraituko dugu. Zaplaztekoak baino, muxuak nahiago ditugulako, eta debaldekoak badira, goxoagoak dira muxu horiek. Maitasunaren seinale. Gorrotoa besterik bihotzean ez duenak, ordea, ez du sekulan ulertuko maitasun horren indarra, eta hortxe aferaren gakoa. Eurentzat kalte…