Monthly Archives: January 2013

Sahara Marathoia bertan behera…

Ondoren duzuena, Sahara Marathoiko lagunek bidalitako idazkia duzue, hitzez hitz, aferaren larritasuna ikusita, hauxe zabaltzen lagundu bait nahi nieke:

mqdefaultKaixo denoi,
Batzuek jakingo duzuen bezala, aurten otsailean burutu behar zen Sahara Marathoia suspenditu egin da-
Azken hilabete hauetan bai Malin, bai Argelian gertatutakoak eta gero, saharar errefuxiatu kanpamenduak zonalde arriskutsua kontsideratua dago. Errefuxiatu kanpamenduetan dauden kooperante guztiak etxeratzen ari dira, eta atzerritarrei ez zaie bertara joateko bisadoa errezten. Hori dela eta, Saharar Gobernuak oso zaila ikusten du  aurtengo Sahara Maratoira zioazen 200 korrikalarien segurtasuna bermatzea. Beraz, antolakuntzarekin batera, oraingoz 2013 ko Sahara Marathoia bertan behera uztea erabaki dute.
Zer esanik ez, honek saharar errefuxiatuei suposatzen diena: diru sarrerarik ez, nazioarteko laguntza mugatua, medikamendu eta material sarrerarik ez, etabar.
Horrela, Euskal Saharathoitik Otsailak 24 an Ormaiztegin urtero Sahararen alde ospatzen den lasterketan parte hartzeko deialdia egin nahi dugu. Herri saharauiarrari elkartasuna adierazteko modu bat izango da, eta bertan ateratzen den diru guztia saharar herriari laguntzeko balioko du. 10 km tako lasterketa 11:00 tan hasiko da. (informazio gehiago www. sahara-cross.com)
Bestalde, Euskal Saharathoiko kontu korrontea zabaltzea erabaki dugu, norbaitek aportazioren bategin nahiko balu:
Euskadiko kutxa:  3035 0025 81 0251182896
Laguntzeko beste modu bat, 2013ko Sahara Marathoiko kamixeta erostea da. Interesatuak mesedez, jarri harremanetan gurekin.
Besterik gabe, eta inoiz baino gehiago behar gaituztelako…..

Santi, Santi, Santi…

Txiribiterotik Txiribitonera, ez dago tarte handirik. Kantuak behintzat, esaldi bakarrean batzen ditu biak, eta telebistak ere bai. Horra askotan testuinguru  egokia zein garrantzitsua den: Irratian, politikari gazteen arteko solasaldi batean deskubritu nuen Santi Reyes, Irungo PPKo zinegotzi a. Bertan txiribitero zena, telebistak berak Txiribiton bihurtu ote duen beldur naiz orain. Debateak ekarri digun ezusteetako bat da Santi. Kate euskaldunean oso ohikoa izaten ez den ikuspuntua eskeintzea zen bere ardura, baina batez ere beti eta nonahi agertzen diren solaskideei lekukoa hartzea. Eta eskatutakoa, txukun bete du, honez gero saioaren protagonista ere bihurtu bait da. Onerako ala txarrerako? Hortxe zalantza. Bi emanaldi baino izan ez badira ere, dagoeneko ohitura bihurtu da: Santik ahoa ireki orduko, besteak irrifarrez. “Kottadua” irakur daiteke nabarmen besteen ezpainartean. Kokildu egin beharrean, puztu egiten da ordea gure Santi.

santi

Seguru nago Laura Garrido jeloskor dela honez gero. Beti pentsatu izan dut Garrido anderea bera dela euskeraren aldeko inoiz egin den kanpainarik hoberena. Bestela oharkabean pasako zen erdipurdiko  politikariak dagokion baino oihartzun mediatiko handiagoa lortu du euskerari esker. Hori hala da. Horra, euskerak zertarako balio ote duen galdetzen dutenentzat argudio paregabea. Kezkagarriena da, ordea, Euskal Herriko alderdi politiko batek euskeraz txukun moldatzeko moduko ordezkaririk ez izatea apenas, eta Garrido eta Reyesen eskutan utzi behar izatea bere ordezkaritza. Goi mailako hizkuntza nahi badugu, tamainako hiztunak beharko ditugu, eta telebista txukuna nahi badugu, halako hizlariak beharko ditugu.  

Zorionak beraz, gure Paloma Zorrilla berriari! Ileoria ere gazte zela agertu zen aspaldiko Rrifi-Rrafe hartan, birjintasuna sutsuki defendatuz. Bi hamarkada geroago, telebistak berreskuratu du, jakinda mamia baino itxura gehiago zaindu nahi bada, txiribituaren doinu fina baino, jendearen pasioak piztuko dituen pailazoa behar dela. Eta nola irrifarra hala malkoa, biak batera sortzeko gai den pailazoa baino hoberik ez da.

Elurra Bilbon

Bitxia da elurrarekin gertatzen dena. Neguan elurra egin duela eta, txoritxoarena, Elur Telebista bihurtuko da beste behin. Hamaika bider errepikatuko ditugu gure mendateeetako irudiak, eta kazetariak elurrarekin jolastera bidaliko ditugu. Zenbaki dantzan hasiko gara, elur maila burtsako indizeen pare jarraituz. Bitxia, kontua, normalean kontrakoa gertatzen bait da. Errepikatzearen errepikatzeaz, albiste izateari uzten bait dio egunerokoak.

8247655908_3d4d211e25_k

Larunbatekoa elurtearen pareko izan zen. Milaka herritarrek erabaki zuten azalera ekarri beharra zegoela beste milakak egunero etxean ixilean bizi duena, beste zenbaiten azala zeinen latza den azaleratzearekin batera. Kalean pilatutako aterkiak ez ziren ordea elur horretatik babesteko. Aterkiak baino parasolak ziren. Neguaren ilunetan eguzkiaren izpien zain daudenen parasosola.

Buruan maiz dudan irudia da eskolatik atera eta autobusera nindoanekoa. Hilean behin errepikatzen zen gutxi gora behera. Soinu banda dut batez ere gogoan. Sarkorra eta tristea. Musika hura ozentzearekin batera, kriseiluak ageri ziren hurrunean, argia jarriz arratsaren ilunean. Musikak, edo agian irudiak, guztiak ixilarazten gintuen. Errespetuzko ixiltasuna zen hura. Zer esan ez dakienarena. Neguarekin lotu izan dut beti irudi hura. Aurten udaberria garaiz omen dator… Hala bedi!